Dagoeneko 20 urte pasa dira Herma gimnasioak ateak itxi, eta Jone Irastorza eta Ismael Mateo hernaniarrek Judoko taldea sortu zutenetik. Madina anaien gimnasioa zen hura, eta beraiek ekarri zuten Hernanira judoa, gaur egungo taldeak lekukoa hartu aurretik: «1997ko ekainean itxi zituen ateak Herma gimnasioak, eta irailean dagoeneko gu hasi ginen judoa irakasten kiroldegian», gogoratzen du Jone Irastorzak, gaur egungo taldearen buruetako batek.
Ismael Mateo da bestea; ezin sinetsi dabil, oraindik; «20 urte jada...» esanez, eskuak burura eramaten ditu: «zenbat istorio izango genituzkeen kontatzeko...».
Azkeneko anekdotak, hain zuzen, Irastorza bera du protagonista. Izan ere, judoko 6garren DANa atera berri du, eta ondorioz, bera da gerriko txuri-gorria daukan Gipuzkoako emakume bakarra. Ez da nolanahikoa!
Jone Irastorza hernaniarra da 6garren DANa atera duen Gipuzkoako emakume bakarra.
«Oso maila ona»
Bere buruari meriturik kendu nahi izan gabe, Irastorzak onartzen duenez, Hernanikoa «klub txikia da, baina oso maila ona daukagu». Hori frogatzeko, atzera begira egiten dute bi arduradunek: «hogei urteotan, denera, 45 gerriko beltz lortu ditugu; horietatik 18k jarraitzen dugu klubean».
Baina askok aukera hori galdu egiten dute: «5-6 urterekin hasten dira asko, eta 11 urterekin utzi egiten dute; pena bat da, azken finean, uzten dutelako bukatu gabe».
Bestalde, lantaldearen mailari ere garrantzia eman diote: «Jone da taldeko burua», aitortzen du Mateok. Baina berak argitu egiten du: «ni arduradun bezala nago Kluba sortzeko Entrenatzaile Nazionalaren titulua beharrezkoa delako, eta nik atera nuelako; paperetarako da. Baina, azken finean, taldeko lan bat da, bakoitzak bere papera dauka». Hori dela eta aurtengo lantaldea gogoratu nahi izan dute: Jone Irastorza, Karlos Lazkano, Eider Alonso, Ismael Mateo, Nagore Eizagirre, Oskar Carpintero, Imanol Rueda, Mikel Ortiz eta Kevin Galarza.
«Orain kirol-judoa egiten da gehiago; gerrikoa ateratzea da helburua edo ondo pasatzea»
Taldea beti, orekatuta
Hasiera hasieratik taldea ez da asko aldatu Ismael Mateo eta Jone Irastorzaren ustez: «klubaren aurreneko urteetan 90 bat kide ginen, orain 100 inguru gara; ez da asko aldatu. Horietatik, 20-30 gaztetxo izaten dira Eskola Kirola hasi aurretik».
Hasieran Herma gimnasioaren hutsuneak ordezkatu zuen klubak: «handik batzuk oraingo taldera pasa ziren».
Baina ordutik filosofia aldaketa ikaragarria izan dela azaldu dute arduradunek: «asko aldatu dena da lehen jendea konpetitzera zijoala gehiago. Orain, aldiz, kirol-judoa egiten da gehiago; gerrikoa ateratzea da helburua edo ondo pasatzea, besterik ez». Diotenez, judoan hori nahiko ohikoa da, izan ere, «judoan konpetitzea ez da bat ere erraza».
«Judoan ez dago desberdintasunik»
Indarrarekin, eta askotan, gizonezkoekin lotutako kirol bezala ikusi izan da judoa gizartean, baina barrutik ez dute horrela ikusten: «askotan parte hartu izan dute berdintasuna lortzeko bileretan, baina gure aldetik esan behar da, judoan ez dagoela desberdintasunik». Eta datuek hala adierazten dute: «neska dezente daude taldean; eta gazteen artean, gainera, parekatua dago kopurua».
Eta anekdota bezala, Mateok onartu du: «Hernanin beti, emakumezkoek emaitza hobeak izan dituzte gizonezkoek baino».