«Sagardogintzaren sektorea elkartu, sagardoaren kultura sustatu, eta sagargile eta sagardogileei bultzada bat emateko» helburuarekin sortu zuten, txotx denboraldi berriarekin, Euskal Sagardoa jatorri izendapena.
Eta deitura horrek, bezeroari ziurtatuko dio «bi ezaugarri dauzkan sagardoa: tokikoa eta kalitatezkoa», azaldu du Arantza Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak.
Astelehenetik, eskuragarri
Jatorri izendapena daukan sagardo hori, dagoeneko merkatuan da, joan den astelehenetik. Pasai San Pedron aurkeztu zuten, Albaola itsas-faktorian, eta jakinarazi zuten, egun horretatik aurrera daudela salgai, Euskal Sagardoa deitura daukaten aurreneko botilak, ohiko saltokietan eta salmenta puntuetan.
Aurkezpen ekitaldian hartu zuten parte, besteak beste, Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri deituraren koordinatzaileak, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Foru Aldundietako ordezkariek, Hur Astarbe Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko ordezkariak, Oihana Gaincerain Sagardo Mahaia Elkarteko presidenteak, edota Antxon Mendia Fruitel Sagarzale Elkarteko presidenteak.
Botila bakoitzak bere sagardotegiko etiketa izango du, baina Euskal Sagardoaren irudia izango du botilaren goiko aldean.
Guztira, 36 sagardogile elkartu dira jatorri izendapenaren sorreran, eta guztiek izango dute Euskal Sagardoa deitura, bere botiletan: bakoitzak bere sagardotegiaren etiketa izango du, baina Euskal Sagardoaren irudia (sagar gorri bat) izango du botilaren goiko aldean.
%100 bertako sagarrarekin, eta kalitate-bermearekin
Tapiak aipatu bezala, sagardo horren bi ezaugarri bereizgarri izango ditu: «batetik, %100 bertako sagarrez egindakoa izango da, bertako sagarraren aldeko apustua sendotu eta bultzatzeko. Eta bestetik, botila guztiek kalitate-bermea izango dutela; Fraisoro laborategi espezializatua arduratuko da kalitatea neurtzeaz, eta HAZIk egiaztatuko du prozesua», nabarmendu zuten aurkezpenean.