Urtero bezala, txistulariek emango diote hasiera, San Joan egunari. Goizeko 09:00etan Plazatik aterako dira, Mendirik Mendi joaz egingo dute kale buelta.
Santa Barbara eta Etxeberri elkarteek hartuko dute txanda gero, 11:30etan haurren danborradak aterako baitira. Eta segidan, 12:00etan Txistulari Bandak emango du kontzertua, arkupetan, metal boskotea, Errege Belda akordeoi-jolea eta Naroa Jaka eta Xabier San Sebastian abeslariak lagun dituela. Haien atzetik, Musika Bandak joko du, 13:15etan hasita, eta zuzendari lanetan aritzeko gonbidatu berezi bat ekarriko dute, gainera; Juan Jose Ocon, EGOko (Euskadiko Gazteen Orkestra) zuzendaria. Hainbat pelikulatako doinu ezagunak joko dituzte.
Arratsaldean, erreleboa
Bazkalondorenean bueltatuko dira musika doinuak. Hasteko, Amher elkarteak antolatuta, kulturen arteko dantza emanaldia izango da Urbieta kalean, 18:30etan, eta 19:30etan, aerorrunba saioari emango diote hasiera.
Dultzaina joleak ere arratsaldean aterako dira, eta afalondorenean segiko dute, gaueko 24:00ak aldera ohiko Larrain dantzarekin bukatzeko, Plaza Berrin.
Xalaparta txarangak omenaldia, Txatxoni
Dultzaineroak ez dira ordu txikietan lanean ariko diren bakarrak, ordea. Xalaparta txarangak Zezen Suzkoarekin joko du, gaueko 23:30etan Zinkoenean, eta ondoren, Onddi tabernara joko dute, bertan, txarangako kidea zen Iñaki Apezetxea, Txatxon gogoratzeko. Haren omenez, Gu gira Euskadiko kantatuko dute, eta dei egin diete lagunei, bertara azaldu eta omenaldian parte hartzeko.
Azkenik, gauak aurrera egingo duela eta, musikarik ez da faltako txosna gunean ere. Sutu Jaiakek antolatuta, El Quinto Contenedor, Norkzer eta Vietcong 68 musika taldeek joko dute, 22:00etatik aurrera. Bilgune Feministaren eskutik, berriz, DJ Miau izango da, 23:30etatik aurrera. Bestalde, 19:30etan hasita reggae kontzertuak izango dira Tilosetan, eta Molotoff txosnak segiko du gero reggaearekin, 22:00etan.