Enbido bai, eta ordago ere bai! Betiko mus jokoa ekarriko du Kronikak, San Joanetara ere... baina berezitasun txiki batekin: bikote mistoak arituko dira jokoan, neska eta mutil banak osatutakoak. Gaur jokatuko da, arratsaldeko 16:30etan hasita, Kronikaren San Joanetako I. Mus Txapelketa Mistoa.
Gay Murren izango da txapelketa, Urumea ikastolaren jolastoki estalian. Dagoeneko, hainbat bikotek eman dute izena, baina gaur bertan ere izango da aukera, apuntatzeko. Hain zuzen ere, 16:30etan hasi, eta 17:00ak arte eman daiteke izena, Gay Murren bertan.
Ordu horretan, zozketa bidez erabakiko dira partidak, eta segidan hasiko da jokoa!
Hiru bikote onenentzat, sari potoloak
Eta ondo pasatzeko bakarrik ez, sari potoloak lortzeko aukera ere izango dute partehartzaileek: irabazleentzat, txapelak, trofeoak, lau txuleta, bi barazki saski, bi otordu Akarregin eta bi ardo botila; bigarrenentzat, trofeoak, gazta, bi sagardo kaja eta bi deskontu bono Ibaimendin; eta hirugarren bikotearentzat, trofeoak, bi otordu Errioguardan, eta bi ardo botila.