Euskal Udaberria Kalera ekimenak «Hernaniko presoak eta iheslariak San Joanetan ere gogorarazteko» bi ekitaldi antolatu ditu. Izan ere, azaldu du: «Hernaniko San Joanetan gure artean egongo ez diren herriko presoak gogoan izatea beharrezkoa da, denok ezin garelako San Joanetan egon. Euskal preso eta iheslari guztiak gure artean aske ez dauden bitartean, ezin da esan benetako bakea lortu denik».
Manifestazioa batetik, gaur arratsaldeko 19:30etan, eta afaria bestetik, astelehenean.
Ekitaldia, manifestazioa bukatuta
Herriko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioa arratsaldeko 19:30etan abiatuko da Plazatik, eta buelta egin ondoren, ekitaldi politikoa egingo da Plazan, «Hernaniko presoen senideak omentzeko». Bertan parte hartzeko dei egin dute.
Afaria, astelehenean
Bestalde, astelehenean, hilak 26, «euskal presoen aldeko afaria» egingo da Plaza Berrin, eta bukaeran, «aurreko San Joanetatik hona espetxetik atera diren herriko presoei omenaldi xumea» ere egingo zaiela jakinarazi dute.
Afaria iluntzeko 21:00etan hasiko da, eta txartelak salgai daude Garin tabernan, 15 euroan; langabeentzat 12 euroan, eta haurrentzat, 5 euroan.