25 urte bete ditu San Joan Konpartsak, San Joanetan desfilea antolatzen, eta beraiek izan dira aukeratuak, jaien hasierako suziria botatzeko. «Ilusio haundia egin digu. Egia esan, esperantza pixka bat bagenuen. Egindako lanaren aitorpena da, eta hori beti da polita. Ez da ahaztu behar aurretik ere jaien hasiera eta amaiera antolatu izan ditugula. Juntakoak aterako gara balkoira».
Urteak pasa dira Konpartsa antolatzen hasi zirenetik, eta dudarik gabe merezitako omenaldia jasoko dute. Pepi Arrospidek argitu nahi du ez dituztela 25 urte bete. «27 dira. Aurreneko bi urtetan iñauterietan Burdindegiak eta Zapatariak gaiekin irten ginen. Gaur egun ere irteten gara iñauterietan».
Jon Oñate, Pepi Arrospide eta Joxan Otxotorenarekin bildu da Kronika, urte guzti hauetako arima baitira. Aurretik, Pili Lujanbio partaide zen koadrilak ekitaldi desberdinak egiten zituen, eta horien artean zegoen Iñude eta Artzaiak.
«Urte horretan parte hartzen hasi ginen, Aurrezku Zaharra Hernanin eta Lorategiak gaiekin ondoren. Koadrila horrek utzi egingo zuela adierazi zuen, eta herritar batzuek erabaki genuen ekitaldi horiekin jarraitzea eta horrela sortu zen San Joan Konpartsa, helburu jakin batzuekin; Ezagutzera eman arlo desberdinetan: Hernaniko, gertaera, historia, tradizio eta ohitura».
Lehenengo urtea 1993an izan zen. «Behin ideia edo gaia zein izango den erabakita, atzean historia duen edo ez ikusten da, liburuxkan azaltzeko. Hori garrantzitsua da guretzat. Gertatu izan da dokumentazio nahikorik ez izatea eta gaia ez lantzea liburuxkarik ezin delako egin, edo historiarik jasota ez dagoelako» dio Oñatek. «Hori Yausika diskotekarekin gertatu zaigu. Eskatu izan digute, baina informazio oso gutxi dago».
«Antxon Aguirre Sorondok asko laguntzen zigun»
Karroza, dantzariak garaiko jantziekin, antzerkia Plazan... hori dena aurrera eramateko, eskerrak ematen dizkiete laguntzaileei. Batez ere, liburuxken lanketan, Antxon Aguirre Sorondori. «Ikaragarri laguntzen zigun, eta beti zegoen prest. Izugarrizko lanak eta ikerkuntzak eginak zituen, eta informazio pila eskaintzen zigun. Izugarria zen egiten zuena». Ez dituzte ahaztu nahi, ezta ere, Udal artxibategiko Jesus Mari Gomez; karrozen eraikuntzan Luis Telleria, Jose Maria Zapiain, Jose Antonio Bergara eta Peio Goello; eta antzerkiaren lanean Miren Gojenola, Mikel Laskurain eta Ruth Martin.
Gai ugari jorratu dituzte eta beti ere desberdinak. «Eta askotan gertatu da gaia aterata jendeak orduan gogoratzen dituela eta ondoren etortzen dira istorio eta pasadizo desberdinak kontatuz. Gogorarazi egiten da behin gaiak plazaratu eta gero. Pena da aurretik etorri ez izana».
Gai guztiak izan dituzte kuttunak, hiru protagonisten esanetan. «Egon dira karroza oso politak: Santa Barbarako ermita, Tranbia eta Paradorea, hiru aipatzekotan. Urumea gaiarekin, Loiolatik txalupa bat ekarri genuen, baserri batetik. Bilakaera bat ere egon da».
Joxan Otxotorenak aipatzen du jende gehiena mugitu duena. «Oialumeko dantzalekuaren gaia izan zen». Urtean zehar jende askok hartzen dute parte, antolatzen dituzten ekitaldi desberdinetan. Hala ere, erreleboa ere nahiko lukete Pepi, Jon eta Joxanek. «Hori da orain dugun erronketako bat».
San Joanetan eta urtean zehar, hainbat ekitaldi antolatzen dituzte
«Zortzi ekitaldi egiten ditugu», gogoratzen du Jonek. «Hilero kalez kalez kantari eta erromeria, Dantzari festa, Santo Tomas eguna, iñauterietan ere egoten gara, San Joan festen barruan Kantaita, 25eko kantaldia eta 26an erromeria. Gero, parte hartzen dugu Euskal Jaian, Olentzeroren karrozaren antolakuntzan laguntzen dugu, Santa Agedan, Txistulari egunean, kaldererotan...». Beraz, merezitako omenaldia jasoko du San Joan Konpartsak, San Joanetako desfilearen 25garren urteurrenean.
«Aurten antzerkia lehenago egingo da eta ondoren kalejira»
Udaletxearen historia isladatuko du Konpartsak, karrozan eta antzerkian. Horretarako, Bigarren Karlistaldia hartu dute erreferentziatzat.
Aurten San Joan Konpartsak aukeratu duen gaia, Udaletxearen historia izan da. Ekainaren 27an Konpartsak aterako duen liburuxkan, udaletxearen historia guztia egongo da eskuragarri nahi duenarentzat, eta Plazan bertan antzeztuko da. Jon Oñatek berak idatzi du liburuxka, eta berrikuntza bat egongo dela aurreratu du. «Antzerkia kaleko errondaren aurretik egingo da. Beste urtetan, Konpartsak egiten duen karrozaren kalejira egiten da, eta gero antzezten da Plazan; baina aurten alderantziz izango da».
Eta udaletxearen historia noiz hasten da? «1673ko ekainaren 26an, Antonio de Miner alkatearen ekimenez, udaletxe berria eraikitzea erabaki zuten». Dena kontestuan jartzeko, Bigarren Karlistaldia hartuko dute erreferentziatzat, San Joan Konpartsakoen antzezlanean. «Orduan erori zen udaletxea, 1875garren urtean». Irailaren 16an, arratsaldeko lau eta erdiak zirenean, karlistek granada bat jaurti zuten Santiagomendiko bateriatik; granada horrek artilleria-parkea jo zuen, eta, bolbora gartzean, leherrarazi egin zuen eraikina. 27 pertsona hil ziren.
Urte batzuk geroago, aho batez erabaki zen Joaquín Fernández Ayarragaray arkitekto hernaniarrarengana joko zutela, udaletxea berreraikitzeko egitasmoa eta lanak zuzentzea eskatzeko. Zinez eskertzekoa den ahalegina egin zuen, Hernanin udaletxe dotore eta bikaina eraikitzeko. Anekdota modura esan, Joaquín Fernández Ayarragaray arkitekto hernaniarrak uko egin ziola bere lanaren truke inolako ordainsaria jasotzeari».
Hernanirekin zerikusirik ez duten bi pasadizo ere agertzen dira. «Bat Oreretan gertaturikoa, eta bestea, Donostiako Bilintx bertsolariaren ingurukoa».
«Karlistaldietan erabiltzen zituzten jantziak eramango ditugu, Tolosan lortutakoak», aurreratu dute. l