Gaur goizean goizetik marraztuko dituzte beraien San Joan jaiak, imajinatzen dituzten bezala, haur eta gaztetxo hernaniarrek. Marrazki lehiaketa izango baitute, festei hasiera emateko, goizean zehar. Eta Axeri Dantzarekin hasiko dira, marraztutako jai horiei kolorea jartzen.
Baina behin suziria lehertuta, berezko kolorea hartuko dute festek, etxeko txikienentzat ere, eta makina bat ekintza izango dituzte, San Joanak gozatzeko, eta jaietako harra sartzeko.
Gaur arratsaldean bertan, karabina tiroketa lehiaketan ariko dira hainbat, eta aurreskua dantzatuko dute beste zenbaitek, jaietako protagonista izanez.
Jolas parkeak, ikuskizunak eta pottoka eta zezen txikiak, igandetik aurrera
Urteroko beste zita bat izango dute bihar ere: goizeko 11:30etan aterako da haurren danborrada, Santa Barbara eta Etxeberri elkarteen eskutik.
Eta igandetik aurrera, beraientzako ekintza berezi pila bat izango dituzte egunero. Igande goizean bertan, haurrentzako parkea jarriko dute Atsegindegin, eta Txu-Txu trena ibiliko da Latsunbeberri auzoan; eta astearte arratsaldean ere jarriko dute jolas parkea Atsegindegin bertan.
Erraldoi eta buruhaundiak, gaur bezala, igandean eta astelehenean ere aterako dira, dantzatzera batzuk eta ipurdi-bizkarrak berotzera besteak.
Igandean eta astelehenean izango dira, aurten, pottokak eta zezen txikiak Latsunbeberri auzoan. Asteartean, berriz, horren ordez oztopo zirkuitua prestatuko dute haurrentzat, Latsunbeberrin bertan.
Eta bi ikuskizun berezi ere izango dira jaietan, etxeko txikienentzat. Igande arratsaldean izango da aurrenekoa, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo ezagunek eskainiko dutena: Erromirria izeneko ikuskizuna eskainiko dute, Atsegindegin. Eta bigarrena, hurrengo egunerako prestatu dute, Atsegindegin bertan, astelehen arratsaldean: Zoo Zoom saioa eskainiko du Markeliñe taldeak.
Beraz, gaur goizean animatzen direnek, badaukate zer marraztua, eta nahi adina kolore ere bai! Eta marrazki politenek saria izango dute, gainera! Jaietako azkeneko egunean banatuko dituzte, astearte goizean, Biterin.