«Normalean Gaztetxean ibiltzen ez diren koadrilak topera dabiltza San Joanetan»

Kronika - Erredakzioa 2017ko eka. 23a, 02:00

«Gazte gara gazte... eta ez gaude ­konforme» dio abesti herrikoiak, eta ildo beretik sortu zuten 2015ean Sutu Jaiak ekimena. Gazteen festetako errutina­rekin haustea izan zen helburua aurre­neko momentutik, eta hala egiten ja­rraitu­ko dute aurten ere hirugarrenez.  Urterik urte, gainera, ekintza gehia­gorekin, eta beraz, egitarau osatua­goarekin. «Urteotako balorazioa ona da; normalean Gaztetxean ibiltzen ez diren koadrilak topera dabiltza San Joanetan. Azken finean ere, Gaztetxearen ateak nolabait irekitzeko aukera ona da», diote.

Olinpiadetako lan egiteko modua
Gaurtik hasi, eta datozen sei egunetara begirako egitaraua prestatu dute aurten; denera, 18 ekintzaz osatua. «Egitaraua prestatzeko, Olinpiadetako dinamika bera jarraitzen dugu: hasteko, aurreneko asanblada bat egiten dugu, eta bertan proposatzen da zer transmititu nahi dugun aurtengo festetan. Aurreko urteko ideiak ere garrantzitsuak dira, batez ere, ondo atera direnak. Horiek zehaztuta, bakoitzaren gogoaren eta nahien arabera lantaldeak sortzen ditugu», azaldu dute Sutu Hernaniko ordezkarietako batzuk. 
‘Playbacka’, arrakastatsuena
Aurreko urtetatik ekintzarik nabar­mendu behar baldin badute, gazteek argi daukate: PlayBacka da hori. Aurten, ekainaren 27an egingo dute, San Joanen bu­kaerarekin. Gainera, Gau Erotikoa izango da orduan, eta beraz, erotismo­arekin lotura duten showak egin beharko dituzte partehartzaileek: «erotismoa, hain zuzen, norberak ulertzen duen bezala, edozer gauzak balio du», argitu dute. 
Betiko beste ekintzak ere izango dira: Koadrilen Eguneko bazkari herrikoia Tilosetan eta ondorengo elektrotxa­ran­ga; Zumba goiztiarra astelehenean..

Aurreko urteko Olinpiadetan izandako arrakasta ikusita, ‘Psikokiller’ jolasa egingo dute San Joanetan zehar.

Nobedaderik ez da faltako
Baina berritzea ere garrantzitsua da, egitaraua hobetzen joateko. Gaur izango da, hortaz, aurreneko berrikuntza: Txos­nen irekiera ofizialarekin batera, gaueko 23:00etan, kale­buelta egingo dute, Jaiak bai, borroka ere bai lelopean.
Hurrengo egunerako ere, bada nobe­daderik; aurreneko aldiz egingo dute pintxopote interkulturala Urbieta kalean. 
Nabarmendu dute, baita ere, aur­tengo egi­tarauean kantautoreek ­dau­­­­ka­­ten pi­sua, hainbat kontzertu eskainiko baiti­tuz­te. 
Aldarrikapenerako ere aprobetxatuko dituzte festak. Alde batetik azaldu dute eduki politikoari ere garrantzia eman diotela aurten. Eta bestetik, hizkuntzari ere bai: «gau batez, euskerazko kantak bakarrik jarriko ditugu Suturen txosnan». 

Eta festak bukatu eta ajea beste modu batera pasatzeko, siesta herrikoia egingo dute, Ave Marian.

‘Psikokiller’, San Joanetan zehar
Bestalde, dagoeneko hernaniar gazteen artean ezaguna den Psikokiller jolasa egin­go dute San Joanetan zehar. Aurreko ur­te­ko Olinpiadetan arrakastatsua suer­tatu on­doren egingo dute orain. Jolasak ehundik gora partehartzaile izango ditu oraingoan. 
Partehartzaile bakoitzarekin fitxa bat bete da, bere izen-abizen, argazki eta habitatarekin, eta bertan zehazten da nola hil behar den. Fitxa horiek banatu egin dira dagoeneko; horrekin, bakoitzari egokitu zaion partehartzailea akabatu egin be­har­ko du, bertan azaltzen den bezala. Lortuko al duzu San Joanak bizirik bukatzea?

Siesta herrikoia: ajea pasatzeko beste modu bat
Ekainaren 27an, hurrengo asteartean, jaitsiko dute bandera, San Joanei bu­ka­era emanez, baina horrekin ez da Sutu Her­naniren egitaraua bukatuko. Hurren­go egunerako, hilaren 28rako ere, zita berezi bezain originala zehaztu baitu: Siesta herrikoia egingo dute Ave Marian. Arratsaldeko 16:00etan elkartu­ko dira festazaleak bertan.

Eta bukatzeko, jasotzera!
Baina ekintza bat ez da bukatzen, dena bukatu arte, beraz, Jasotze Kolektiboak borobilduko du festa, hilaren 29an. Siesta eginda, eta frexko-frexko, erropa erosoa jantzi eta garbitzeko eta jasotzeko deialdia egin dute herriko gazteek: «orduan bai, hor bukatuko dira aurtengo San Joanak!», aldarrikatu dute. l

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!