Belarriak mota guztietako doinuekin goxatu, eta gorputza astintzeko gogoa izaten du San Joanetan, urte guztian geldirik egoten denak ere! Eta horretarako aukera, ezin zabalagoa izaten da jaietan!
Kalez kale ibili nahi duenak, txarangari segitu besterik ez dauka, egunero aterako baitira, kaleak alaitzera. Urumea txaranga izango da aurrenekoa, gaur gauean, eta Xalapartakoa aterako da bihar, zezen suzkoarekin batera. Bukatzean, gainera, Onddi tabernara joango dira, Iñaki Apezetxea Txatxon txarangako kide zenari omenaldia egiteko. Gu gira Euskadiko kantatuko dute, eta herritarrak gonbidatu eta animatu dituzte bertaratzera.
Atzieta kaleari eskainitako pieza aurrenekoz, Incansables txarangak
Igandean, berriz, Beti Ola txaranga aterako da goizean, Betikoak arratsaldean, eta Incansables txaranga gauerdian... nobedade eta guzti!
Izan ere, pieza berri bat estreinatuko dute, Joaquin Ortega Canariok, txaranga 1971n sortu zenetik dagoen kide bakarrak, konposatutakoa: Atzieta kaleari eskainitako pieza sortu du, eta etzi joko dute aurrenekoz.
Santa Barbara eta Nekaezinak txarangen txanda izango da astelehenean, goizean bata eta gauerdian bestea. Eta astearte goiza Beti Egarriak txarangak alaitu ondoren, Incansables txaranga aterako da berriro, festak bukatutakoan, azkeneko kalejirari erritmoa jartzera.
Kontzertu eta dantzaldiak, Plazan, Tilosetan eta Urbieta kalean
Eta kontzertuak ere, makina bat izango dira, jaietako egun guztietan. Hiru eszenatoki nagusi izango dituzte: Plaza, Tiloseta eta Urbieta kalea.
Aurrenekoa, jendez beteko dute astelehen gauean, Skakeitan eta Huntza taldeek. Tilosetan, berriz, dantzan jarriko dituzte denak, Laiotzek gaur, reggae kontzertuek bihar eta Gaubela taldeak etzi. Eta Urbieta kalean, asko izango dira emanaldiak: Kantuz eta Ozenkiren saioa gaur, aerorrunba eta Itziarren Semeak bihar, Fermin Valencia eta Patxi Saiz etzi, Baztandarrak taldea astelehenean...
Baina dantza egiteko bakarrik ez, dantza saio ederrak ikusteko aukera ere izango da. Bihar arratsaldean jokatuko da, batetik, dantza askatuen txapelketa, Plazan; eta arratsaldean bertan izango da kulturen arteko dantza emanaldia, Urbieta kalean. Eta astearte gauean, ikuskizun berezia eskainiko du GloCirco taldeak, festei bukaera eman aurretik: Entre cuatro tiempos dantza bertikalen ikuskizuna, Tilosetako frontoiaren paretan.