Astigarragako Udalak herriaren 30garren urteurrena ospatu zuen pasa den astean Osoko Bilkura berezi batean. Bertan bildu ziren herritarrak, udaleko langileak, gaur egungo zinegotzi ia denak eta 30 urte hauetan karguren bat, alkate edo zinegotzi izan ziren asko ere bai.
Zorione Etxezarraga alkateak hartu zuen hitza lehendabizi eta ongi etorria eman zien bildutako guztiei. «Duela 30 urte ospatu zen gobernu eraketa hura gogoratu nahi dugu. 44 urtez hiriburuaren auzo izatera behartua izan zen Astigarragak bere gobernua aukeratu ahal izan zuen. Herria egituratzeko eta osatzeko ezinbesteko tresna izango zena».
Nondik gentozen gogoratu zuen eta garai hartan egoera ekonomikoa, soziala eta politikoa benetan zaila zela azpimarratu zuen. «Diktaduraren eta demokraziaren arteko trantsizioa hasi berri. Ez genekien elkarrekin, desberdinon artean, nola bizi. Estatuan lehen hauteskunde demokratikoak 77an izan arren 40 urteko diktadurak elkarbizitza zartatu zigun».
«Herrigintzan konpromezua hartzeko pausoak eman ziren»
Ez zen erraza herrigintzan konpromezua hartzeko pausua ematea Zorione Etxezarraga alkatearen esanetan. «Inorentzako: hilketak, atxiloketak, sekuestroak, torturak, bizkarzain beharra, jazarpena… Giza eskubideen urraketa asko izan da azken 30 urteetan: bizitzaren eskubidea urratu da, iritzi propioa libreki azaltzeko eskubidea, ondasun eskubidea, duintasun eskubidea, askatasun eskubidea, etiketarik gabe bizitzeko eskubidea…»
Zinegotzi guztiek eman zuten pauso hori Etxezarragaren hitzetan. «Alderdi politiko batean sartu, hauteskunde batzutan izena eman, zinegotzi aukeratua izan eta herrian norberaren burua nabarmendu… hemen gaudenok, Astigarragako zerrendetan aurkeztu eta zinegotzi izan garen guztiok eman dugu pauso hori».
«Herriaren alde. Bakoitzak bere ideiak, bere ikuspegia, bere proiektua defendatuz»
«Hori da demokrazia: desberdintasunetik, errespetutik herriaren alde lan egin; kritika egin behar izan denean kritika eginez, elkarlana beharrezkoa izan denean elkarri eskua luzatuz». Azken hau hain zuzen ere, elkarlana, izan zen Astigarragako lehen korporazioak behar izan zuena herria egituratzeko, azpimarratu zuen gaur egungo alkateak.
«Herri Batasunaren lehen gobernu hari, EAk eta EAJ-k laguntza eskeini zioten, eta desberdinatasunak alde batera utzita, herria egituratzen hasi zen» esan zuen bere hitzaldian Etxezarragak. «Erronkaz beteriko garai latz hartan, eskertzekoa da lehen korporazio hura eratu zen plenoan izan ziren interbentzioen doinua».
Egon diren zinegotzi guztiek oroigarri bana jaso zuten
Astigarragaren alde eman duten pausoarengatik errekonozimendua jaso zuten zinegotzi diren eta izan diren guztiek. Errekonozimendua eta esker ona: «herrigintzan dihardugunok poz haundiz ibili gara eta gabiltza, baina gau askotan begirik itxi ezinik ere egon gara… gure senideak kezkatu ditugu, gure senideei gure konpromisoek ondorioak ekarri dizkiete: senar-emazte, seme-alaba, guraso, anai-arreba… Beraz, zuen guztion konpromiso eta lana eskertzeko jaso ezazue oroigarri xume hau. Ez nuke agurra amaitu nahi azken 30 urtetan udala eta herriaren alde lanean aritu diren eta dabiltzan langile guztiak», amaitu zuen bere hitzaldia alkateak.
«Gorputza eta arima jarri genuen eta denekin egin genuen herria»
Ondoren Antxon Arka, herri izaera berriz ere hartu zueneko lehen alkateak eta Bixente Arrizabalaga alkate ohiak hartu zuten hitza.
Arkak ere desberdinen arteko elkarlana azpimarratu zuen herria eraikitzeko garaian. «Ilusioa haundia zen, gogoa ere bai. Koadrilakoak ginen ia denak, nahiz eta alderdi desberdinetakoak izan. Herri Batasunak 5 zinegotzi genituen 11tik eta PNVren babesarekin atera genuen aurrera legealdia. Gorputza eta arima jarri genuen eta denekin egin genuen herria»
Denak ez ziren oroitzapen onak izan Bixente Arrizabalagak 30 urtetik 12 pasa ditu Udalean zinegotzi bezala eta beste 8 alkate gisa. “Xabier Letek abestian esaten duen bezala. Niri bizitza ozpindu egin didate. Urte horietan ez naiz zoriontsu izan. Hilketak, mehatxuak, baiketak...jasan behar izan ditugu»
Amaitzeko elkarrekin otordua elkarbanatu zuten.
EH Bildu
Orain 30 urteko zinegotziei omenaldia zien EH Bilduk festa batekin
Astigarragako EH Bilduk ere, ospakizun desberdinak antolatu zituen 30 urteak gogoratzeko. Hasteko Astigarraga, 30 urteetan zehar erakusketa ibiltaria inauguratu zuten Arrobitxulon, Ergobin eta Kontxa Etxeberria plazan. Eta jai haundia egin zuten Joseba Barandiaran plazan. Bertan jarri zuten erakusketa azkenekoz, legealdi erdiko balorazioa eta presoen aldeko kontzentrazioa egin zuten. Segidan, lehenengo korporazioko zinegotziei omenaldia egin zieten. Amaitzeko, pintxo festa egon zen.