San Joanak, «herri jai parekideak» izatea nahi dute, eta hori horrela izan dadin, herritar guztien konpromisoa eskatu dute: «jaiak denontzako espazio seguru eta gozagarria izateko lan egitea denon ardura da, eta bide horretan ezinbestekoa da eraso sexisten prebentzioan zein erantzun eta protokoloetan denok konpromisoa hartzea», aldarrikatu dute Txosna Batzordeak, tabernariek, Mugimendu Feministak eta Udalak.
Eta horretarako, bi protokolo jarri dituzte martxan, jaietarako: batetik, txosna garaian aplikatu den protokoloa, indarrean egongo da jaietan ere; eta bestetik, txosna gunerako bereziki, bigarren protokolo bat osatu du Txosna Batzordeak.
Eraso sexista baten aurrean eman beharreko pausoak, protokoloan zehaztuta
Protokolo horretan zehaztu dituzte, eraso sexista baten aurrean eman beharreko pausoak. Eraso sexista bat gertatzen ari dela ikusiz gero, eskatu dute aurrena erasotuari galdetzea laguntzarik behar ote duen, erabakirik hartu baino lehen.
Eta aldiz, barrara norbait gerturatuz gero eraso sexista bat salatzera, langileak utzi egin beharko du egiten ari dena, eta berari kasu egin. Ondoren, erasotzailearekin hitz egingo du, argi utziz ez dela jarrera sexistarik onartzen, eta txosna gunetik kanporatuko du. Gero, Bilgune Feministaren txosnan jakinaraziko du gertatutakoa.
Jaietan arreta berezia izateko deia egin dute eragileek: «jaiak erasotzaileen eta diskriminatzaileen aterpe bilakatzen dira, droga ezberdinen kontsumoaren aitzakiapean, jai eremu eta egunetan era desberdinetako eraso sexistak sarriago gertatzen direlarik; irainak, mespretxuak, ukituak, bortxaketak...».
ERASO SEXISTA BATEN BERRI BADUZU...
* Eraso sexista bat ematen ari dela ikusten baduzu, erasoa jasaten ari denarengana jo eta laguntzarik behar duen galde iezaiozu, zeure kabuz erabakirik hartu aurretik.
*Norbait barrara baldin badator erasoa salatzera:
a) Lehentasuna duen kontua da; beraz, salaketa jasotzen duen langileak, egiten ari dena utzi eta pertsona horri kasu egingo dio.
b) Arreta haundiz entzun erasotuak esateko daukana (azalpena, beharrak...) eta ez jarri zalantzan kontatzen diguna.
c) Erasotzailearekin hitz egin eta argi utzi ez dela jarrera sexistarik onartzen, eta txosna gunetik kanporatu. Erasoa gertatu den txosnako pertsonak, gainontzeko txosnetako pertsona banaren laguntzarekin (guztira bost), txosna gunetik kanporatuko dute erasotzailea.
d) Hernaniko Bilgune Feministako txosnan gertaeraren berri eman eta, erasotuak nahiko balu, lagundu Bilgune Feministako txosnara (txosna babes gunea).
e) Kasuan kasuko egoeraren arabera zehaztuko dira momentuan hartuko diren neurriak. Eraso larrien kasuan adostu diren neurriak:
-Erasoaren biharamunean, gaueko 00:00etan, 5 minutuko geldialdia egingo da musika kenduz (kontzertuak geldituz) eta zerbitzatzeari utziz.
-5 minutuko geldialdi horretan, kuña bat jarriko da gertatutakoa salatzeko, eta zerbitzariek Eraso sexistarik ez! kartelak izango dituzte.
-Txosna bakoitza informatzeaz eta koordinazioaz, Bilgune Feministako kideak arduratuko dira, ekimena egingo den egunean aldez aurretik guztiak informatuz (gaueko 22:00ak aldera). Txosnako ekimenez gain, Hernanin antolatuko diren beste salaketa ekimenez, Mugimendu Feminista arduratuko da.
Telefonoak: Udaltzaingoa 943 24 89 00 SOS deiak 112