Aho batez onartuta, LGTBI+ eta Etxeraten aldeko mozioak

Kronika - Erredakzioa 2017ko eka. 22a, 02:00

San Joanak datozela eta, ez ohiko Plenoa egin zen asteartean. Hainbat dekretu eta ebazpenen berri emateaz gain, bestelako puntu batzuk eta hiru mozio onartu ziren; horietatik bi, aho batez.

Lanaldiei buruzko dekretuak eta zergen ebazpenak
Hasieran Luis Intxauspe alkateak bi dekreturen berri eman zuen. Batetik, langile batek es­ka­tutako lanaldi murrizketari bu­ruzkoa, eta bestetik, Esti Al­dei­turriaga, kirol eta jarduera fi­sikoko zi­ne­gotziaren liberazioa %50e­tik %80ra igotzeari buruzkoa. Orain Hernaniko Jaione Aris­tre­gi eta PSE-EEko Ricardo Crespok kritikatu zuten maia­tzeko Plenoan azaldu beharrekoa zela azken hori, eta «aurrekontuen ejekuzio arauaren aldaketaren puntuarekin bat egitea nahi ez zutelako» atzeratu dutela. Aristregik, «gardentasun falta» medio, tokiko gobernua utzi dutela gaineratu zuen.
Zergen inguruko ebazpenei dagokienez, Isa Sanchez ogasun zinegotziak azaldu zuen, hiru herritarrek hondakinen, ibilgailuen eta IBIaren zergen inguruan jarritako erreklamazioak desestimatu dituela Foru Au­zitegi Ekonomiko Adminis­tra­tiboak, Udalari arrazoi emanez.

Aho batez, Izan Fundazioari hobaria, Añarberekin hitzarmena eta industria hondakinen kudeaketa
Hurrengo puntuetatik lau aho ba­tez onartu ziren. Batetik, %95eko hobaria aplikatzea Izan Fun­dazioak ordaindu be­ha­rre­ko ICIO zergari (obra eraikuntza eta instalazioaren gainekoa), «interes berezikoa» delako; besteak beste, Gizakia Helburua (Proyecto Hombre) bultzatzen du, eta Donostiako programa bat Hernanira ekarriko du. Bes­te­tik, Añarbeko Urak Man­ko­mu­nitatearekin lankidetza hi­tzar­mena sinatzea, Kara­be­len Añarbek eta Udalak egin behar dituzten bi obren proiektuak batera egiteko; bonbeo sistemaren aldaketa eta urbanizazioa. 
Era berean, denak ados azal­du ziren hondakin indus­trialen kudeaketa Udalaren es­ku­me­ne­koa izatera pasatzearekin. Ma­ttin Aldaia ingurumen zi­ne­gotziak azaldu zuen 2018ko ur­tarrilaren 1ean jarriko dela mar­txan. EAJko Andoni Amo­na­rraiz ados azaldu zen, «txosten ekonomikoaren arabera gastuak murriztuko direlako eta zerbi-tzua hobetu». OHko Jaione Aristregi, era berean, «poztu» egin zen, «le­hen munizipalizazioa» izango zelako.
Azkenik, lau alderdiek aho batez onartu zuten aisialdi eta igerileku irekietako zerbitzuaren araudia berritzea; 15 egunez izango da jendaurrean.
Bestalde, 2016ko Kontu Orokorra behin betiko onartu zen EH Bildu eta OHren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta PSE-EEren kontrakoekin. Azkenik, EH Bildu eta OHren aldeko botoekin eta EAJ eta PSE-EEren kontrakoekin onar­tu zen dekretua, Do­nos­tiako Udalaren Ara­za­ba­letako Plan Bereziaren kontra aurkeztua; alkatearen esanetan, «irre­gulartasunak zeudelako, eta besteak beste, eremu horretan Zubietako erraustegiaren pla­na dagoelako».

Etxerati, «eskerrak»
Azkenik, 3 mozio onartu ziren: DSBE (RGI) prestazioaren inguruko eztabaidari buruzkoa, EAJren abstentzioarekin eta gai­nontzeko alderdien aldeko bo­toekin; eta aho batez, LGTBI+ kolektiboaren aldekoa eta Etxe­ratek dispertsioaren kontra aurkeztutakoa. Az­ken hau txalo artean hartu zu­ten herritarrek, eta alderdiek es­kertu egin zuten Etxeratek egi­ndako ahalegina, «sentsi-bili­za­zio desberdinen el­kar­lana sus­­tatzeko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!