Egungo egoeraren diagnostiko bat egiteko Langileen Asanblada bildu zen Maiatzaren 1aren bueltan, eta «langileon autodefentsa alorrean hutsune haundi bat identifikatu» zutelako, Hernaniko Langileen Babes Sarea sortzea proposatu zuten.
«Onartua dugu lan baldintza eskasetan lan egin behar dugula, eskubideez ahazten joan behar dugula, lan egin nahi badugu bederen», azaldu dute. «Sareari, sistema kapitalistaren aurrean langileok antolakuntzarako espazio berri bat sortzearen helburua jarri zitzaion, sistema bera gainditzearen bidean. Beraz, sistemaren aurrean langileok elkar babesteko sarea sortzea dugu helburu, betiere sistema suntsitzera bidean lan eginez eta bizi eredu berriak mahai-gaineratuz», gehitu dute.
Funtzioak zehaztuta, laguntza eskaintzeko prest
Dagoeneko hasiak dira sarea osatzen, eta funtzioak ere zehaztu dituzte; nagusia, elkartasuna. «Langileak saretzea. Arazo indibidualak kolektibo bilakatzeko eta langileon arteko elkartasun sarea osatzeko. Elkartasunak izan behar du sarearen oinarri nagusietako bat. Arazo bat duen langilea sareko gainontzeko langileek babestuko dute, gutako baten aurkako erasoa denon aurkako erasoa baita».
Horri horrela, kasu bakoitzean dagokion mobilizazio edo ekimenak egingo direla zehaztu dute, beti ere, «kaltetuak behar duen modura». Era berean, sindikatuarekin bitartekaritza lanak ere egingo ditu sareak. Azkenik, «sistema honen aurrean egon daitezkeen alternatiben inguruko informazioa» ere emango du.
Dagoeneko, aurreneko ekintza maiatzaren 5ean egin zutela ere azaldu dute; «Eroskik Caprabo supermerkatuak erosita 18 langile kaleratzeagatik Hernaniko saltokia ‘itxi’ genuen, kaleratzeak salatuz». Horrekin, erakutsi nahi dute lanerako prest daudela, eta dei egin dute sarearen parte izateko, edota sarearen laguntza behar izanez gero, harremanetan jartzeko: hernanikolangileensarea@gmail.com.