Pasa den asteazkenean egin zuten Zubietako erraustegiaren aurkako gose grebaren aurkezpena Irantzu Jauregi eta Iñaki Armendariz hernaniarrek, Kepa Olaiz, Teresa Lopez de Muniain, Aran Garmendia eta Mila Zabalorekin batean.
Astebete pasa dute Easo plazan gose grebarekin protestan, eta «erraustegiaren inguruko inutilidadeari buruzko informazioa helarazten», Kronikari azaldutakoaren arabera.
Gaurkoa dute azken eguna, eta bi zita jarri dituzte: arratsaldeko 17:00etan Diario Vascoren egoitzaren aurrean protesta egin eta zuzendaritzari gutuna helaraziko diote, herenegun EITBn egin bezala, eta 19:00etan, salda hartuz eta Estitxu Eizagirreren bertsoekin emango diote bukaera ekimenari. Herritar guztiak gonbidatu dituzte.
«Eduki du eragina»
Oraindik gose greba bukatu ez badute ere, «balorazio positiboa egin dute» grebalariek. «Erraustegiaren gatazka honen 15 urteko ibilbidearen ostean, oraingo bidegurutze berrian ekintza berritzailea izan da hau, eta iruditzen zaigu eragina izan duela». Horren adibide dira, Amara auzoan jaso duten «berotasuna eta azken egunetan eragile sozial, sindikal eta politikoek erakutsitako babesa»; tartean, Luis Intxauspe Hernaniko alkateak eta Xabier Lertxundi, Garazi Etxarri eta Mattin Aldaia zinegotziek azaldutakoa. «Hernanin, pertsonako urteko 50 kg errefus jasotzen dira; kopuru hauekin Gipuzkoan ez dugu erraustegirik behar», adierazi zuten.
Alde negatiboa ere nabarmendu dute, hala ere: jasan dugu gure komunikabide publikoen zentsura; nabarmen, EITBrena. Baina baita medio pribatuena ere». Era berean, Donostiako Udalaren erabakia, Gipuzkoa Plazan akanpatzen ez uztea eta Easo Plazara mugituta, hiru egun baino gehiagotan bertan lo egiten ez uztea «absurdoa» izan dela iritzi diote.
Hala ere, argi daukate: «Jarraitu behar dugu protestan, behar ez dugun egitasmo kaltegarri honi aurre egiten. Ez du nondik heldu; inposizio latza da. Badago alternatiba eta jendea gogoz dago».