Festaz festa erakustaldietan ibiliko zarete orain.
Horrela da. Udara izaten da erakustaldien garaia eta herri eta auzo desberdinetatik deitzen digute. Pasa den igandean goizez Usurbilen ibili nintzen eta arratsaldean Aian. Erakustaldien sasoia da udara.
Gipuzkoako harri txikien txapelketa aste betera duzue Alegian. Horrek esan nahi du sasoi onean etorriko zarela?
Garai honetan izaten dira harri txikien txapelketak eta baita torneoak ere. Udaran sasoi onean egoteko arazoak izaten ditugu nahiz eta txapelketa batzuk eduki. Entrenamenduak eta erakustaldiak uztartzea ez da batere erraza izaten. Gainera harriarekin asko ibiltzen gara udaran eta horrek ere freskotasuna kentzen du. Egia esan oso zaila izaten da txapelketetan marka onak egitea eta sasoi egokian egotea.
Nola prestatzen da txapelketa garrantzitsu bat erakustaldi garaian?
Saiatzen gara serieak sartzen erakustaldi batzutan. Baina kontutan hartu behar da erakustaldi bakoitza oso desberdina izaten dela. Batzutan bakarrik aritzen zara eta hala ere saiatzen zara txapelketako harriekin lana egiten erakustaldietan. Adibidez Usurbilen bakarrik aritu nintzen eta gero arratsaldez Aian lau harrijasotzaile aritu ginen. Oso lan desberdinak dira.
Jokatutako torneo desberdinetan erakutsi duzu aurten ongi zaudela.
Bai. Urtea ongi amaitu nuen eta gero sasoiari ongi eutsi diot.
Hori eskertuko du jendeak.
Festetako lehiak jendea erakartzeko egin behar dira. Jende horrek gozatu dezala, guk egiten dugun lana ikusiz. Txapelketetan ez da publikoarengan pentsatzen. Daukazun guztia eman behar izaten duzu.
Uztailaren 16an Alegin Gipuzkoako Harri Txikien txapelketa duzu
Horrela da. Ahalik eta hoberen iristen saiatuko naiz. Pasa den urtean Euskadiko Txapelketa izan zen egun horren bueltan eta aurten Gipuzkoakoa. Euskal Herrikoa irailean izango da Aizarnazabalen.
«Erakustaldietan serieak sartzen saiatzen gara txapelketak prestatzeko»
Saioaz aparte, gustatzen zaizu festetaz gozatzea, joaten zarenean?
Ez dugu denborarik izaten. Behin erakustaldia amaitu eta etxera joaten gara atseden hartzera.
Dena irabazi duzu harrijasotzen: Bal al duzu erronka berezirik aurtengorako?
Marka ahaleginik ez dut buruan oraingoz.
Erakustaldi asko al dituzu aurten?
Urte zailak izan dira alde horretatik, baina badirudi berriz gora datozela. Aurten erakustaldi kopuru polita dut.
Oialumen eta Martindegin aurretik izan zara.
Bai. Gazteagoa nintzenean bueltaren bat baino gehiago emandakoak gara Oialume dantzalekutik. Harrijasotzen ere jaietan ibilitakoa naiz urte batean baino gehiagotan. Harreman ona izan dut auzokoekin eta oso ondo hartu naute beti.