Hernaniko txotx denboraldia baloratzeko udal mahaian parte hartu ondoren, alderdiaren balorazioa publiko egitea erabaki du Orain Hernanik. «Gertatutakoak hausnarketa sakona merezi du».
«Informe batzuei betoa jarri die Udal Gobernu Taldeak»
Orain Hernanik azaldutakoaren arabera, Hernaniko «aisialdi eta gehiegikeria gauen inguruko informe batzuk bakarrik ikusi» ahal izan ditu; «beste batzuei betoa jarri die Udal Gobernu Taldeak».
Era berean, «harritu» egin da gau batean kalean pixa egiten pertsona bakarra harrapatu dutela irakurtzean, edo pertsona bati Plazako informazio panela «gainera erori» zitzaiola dioen informea ikustean.
Honen aurrean, alderdiak dio ez zaiola gustatzen herrian sortu den eredu soziala, eta adierazi du: «saldu den moduan salduta ere, gure kaleetan gertatzen dena ez da kultura. Gauza bat da sagardotegietan gertatzen dena, eta bestea, guztiz desberdina, Kaxkoan gertatzen dena; ez du zerikusirik sagardoaren kulturarekin».
«Arazoa ez da Kaxkoko bizilagunena bakarrik»
Hau guztia medio, Orain Hernanik dio arazoa ez dela «Kaxkoko bizilagunena bakarrik; baizik eta herri osoarena», eta horregatik, herritar foro bat osatzea proposatu du, hurrengo denboraldiari begira. Gainera, azaldu du aurrekontuetan txertatzeko proposamena egin duela, «eredu turistiko eta kultural berria sortzeko, alkohol eta gehiegikerietan oinarrituko ez dena». Baina «berririk jaso ez» duela gehitu du.