Noiz hasi zen birsortze prozesua?
2010ean ‘Zutik Euskal Herria’-rekin ezker abertzalearen kidegoak estrategia berria definitu zuen. Ondoren, 2011n Sortu alderdi berria eratu zen definituriko estrategia berria garatu ahal izateko. Azken urtean, 2016-2017ko kurtso politikoan zehar, alegia, ABIAN eztabaida gauzatu dugu 9.000 kide ingururen parte-hartze zabal eta emankorrarekin; Hernanin 200 lagunek hartu dute parte. Prozesu honen ondorio nagusietako bat da Sorturen birfundazioaren beharra.
Zergatik orain?
Azken bost urteetako (2011-2016) Sorturen balantzeak argiak eta itzalak utzi ditu. Zutik Euskal Herria olatuaren gainean abiatu eta aurrera ia berez egingo genuela uste genuen, baina ez da horrela izan. Batetik, hasieran, gatazkaren ondorioei irtenbidea ematea lehentasun gisa hartuta, Estatuak gatazkaren ondorioei noiz helduko zien zain gelditu ginen. Batez ere, presoen inguruan aurrerapausuak noiz emango zituen zain. Baina Espainiako eta Frantziako estatuek gatazkaren ondorioen konponbidea blokeatu egin dute, presoen alde lan egiten zuten erakundeak jazarrita eta gaia modu mingarrian erabilita. Bestetik, eta aldi berean, sistema kapitalistak sortu duen krisiaren aurrean, eskubide sozialak deusezten ari dira; errezeta ezin da izan ‘aberatsak gero eta aberatsago eta gainontzekoak gero eta pobreago’. Gure begien aurrean estatu kolpe baten antzeko zerbait ematen ari dira lorpen sozialak ezabatzeko, eta horri aurre egin behar zaio. Eta bukatzeko, aurrekoari lotuta, globalizazioa ren aro honek aldaketa kulturalak ekarri ditu, jarduteko modu berriak, eta horretara egokitu beharrean gaude. Balantze hau abiapuntu izanik, ABIAN prozesuan ondorioztatzen da Sortu birfundatu behar dela garai berrietara egokitutako bitarteko eraginkorra izan dadin.
Zer ekarpen egingo dio Hernaniri?
Esatea egitea baino errazagoa den arren, gure asmoa pultso politikoa berreskuratu, herritarrengana gerturatu eta Hernaniko sarea indartzea dira.
Zein erreakzio espero duzue herritarrengandik?
Momentuz dugun pertzepzioa oso positiboa da. Jende askorekin hitz egin dugu eta gehienok ikusi dugu garai berrietara eta behar berrietara egokitutako tresna eraginkorra behar dugula. Hala ere, Ezker Abertzalearen helburuak ez dira aldatu: Independentzia eta Sozialismoa. Historikoki Ezker Abertzalekoa izan den jendeari erreferentzia bat eman nahi diogu, zenbait unetan errepresioaren eta ilegalizazioen eraginez barreiatuta egon garen arren, gaur egun, berriz hemen gaudela esan nahi diogu.
Nola joan da prozesua?
Hernanin bost batzar egin ditugu Sorturen kongresura arte. Mahai gainean izan dira hainbat gai: euskara berreskuratzea, eskubide sozialen aldeko borroka, antolaketa eredua, herrigintza, desobedientzia zibila... Jendeak bazuen eztabaidatzeko eta ekarpenak egiteko gogoa eta izan dugun emaitzarekin pozik egoteko moduan gaudela uste dugu. Benetako erronka hemendik aurrerakoa da, erabaki horiek guztiak aurrera eramaten asmatzea.
Zer aldatu da Sortun?
Aldaketa sakonak planteatzen dira mugimenduaren eraginkortasuna bilatze aldera. Estruktura ereduaz harantzago ere oinarrizko aldaketak egiten ari gara: alderdi-mugimendu izaeraren berreskuratzea, militantzia ereduaren egokitzapena, herritar sarea erein eta berreskuratzea… Guztiaren berri zehatzago Zohardia ponentzian irakur daiteke.
Zein dira Hernanirako helburuak?
Batetik, independentziarako prozesua azkartzea, demokrazia ekonomiko eta politikorako urratsak emateko bidea, independentziarantz abiatzea delako. Iruditzen zaigu Kataluniak irekitako bidea ezin dugula pasatzen utzi, une historiko honetan afera gurea izango ez balitz bezala jardun. Bestetik, helburua da Hernaniko 23 preso politikoak lehenbailehen kalera ekartzea, beren ekarpen militantearen beharra dugulako. Gainera ETAren armagabetzearen ondoren presoak kartzelan mantentzeak mendeku gose direnen ase ezintasuna gizendu besterik ez du egiten. Hirugarren helburua herrigintzari dagokiona da, herritarren sare zabal bat osatu nahi dugu, herritarrak ahaldundu nahi ditugu. Euskal Herrian esperientzia luzea egin da herri antolakuntzaren bidetik, eta horri segida eman nahiko genioke. Hernanin, elkarte eta erakunde asko dira behetik gora prozesu eraldatzaile bat martxan jartzen ari direnak, eta esperientzia horri guztiari jarraipena eman behar zaio.
Nola ikusten duzue Hernani, hemendik bi urtera?
Kontseiluaren iritzia jakitea baino, Hernanik bere burua non eta nola ikusten duen jakitea da garrantzitsuagoa. Hau horrela, udara partean hausnarketa ariketa bat egingo dugu, ahalik eta herritar gehienen parte-hartzea bilatuz, ariketa aberatsa eta integrala izan dadin.