Dispertsioa desaktibatzeko mozioa aurkeztuko du Etxeratek

Kronika - Erredakzioa 2017ko eka. 18a, 02:00

«28 urte luze dira dagoeneko, gobernu espainiar eta frantsesak euskal presoen dispertsioa era sistematiko eta orokorrean martxan jarri zutenetik. Sufrimendua sortzen duten inposatutako arriskuek ondorio larriak dituzte, eta istripuak etengabe suertatzen dira» adierazi dute Hernaniko  presoen senideek. Horre­xe­gatik, astearteko udalbatzarrak ondorengo akordioa har­tu dezan eskatu du Etxeratek: 
«1. Hernaniko udalbatzarrak bere kezka azaldu nahi du Asier Ormazabal Lizeaga presoaren lagunek izandako istripu larriagatik, hemendik 435 kilometrora kokatua dagoen Teruelgo  kartzelan bi­sita egin ondoren Euskal Herrira bidean zetozela.
2.    Hernaniko udalbatzarrak dispertsio politikaren eta urrunketaren desaktibazioa eskatzen du, presoen eta be­ren senide eta lagunengan eragiten duen sufrimendu eta zigor gehigarriarekin bukatzeko.
3.    Hernaniko udalbatzarrak akordio honen berri emango die Estatu espainiarreko Gobernuari, zein gizarteari.
4.    Hernaniko udalbatzarrak datorren asteazkena, hilak 21, Hernaniko Senideek istripua salatzeko deitutako elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatuko dute, arra­tsaldeko 20:00etan Gudari Plazan».
Datorren asteartean Hernaniko udaletxeko pleno aretoan plenoak erabakiko du puntu hauek onartu edo ez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!