Semperena, bigarren Anoetan eta laugarren Aizarnazabalen

Kronika - Erredakzioa 2017ko eka. 17a, 02:00

Bere maila ona erakutsi zuten txirrindulari astigartarrek, ka­tegoria guztietan, aurreko aste­buruan. Horrela, postu bikainak lortu zituzten, eta garaipena ere ez zuten urruti izan; bereziki, Urko Semperena ju­benilak, Anoetako proban.
Maila bikainean bueltatu da astigartarra, lesiotik, eta hala erakutsi du azkeneko bi probetan. Larunbatean, bigarren izan zen Anoetan, lasterketa osoa ihesean egin ondoren. Abiatu eta berehala jo zuen erasoa, bere sasoia probatzeko asmoz, eta Aritz Urrak ba­ka­rrik segi zion. Bikain moldatu ziren biak, eta tropelak estutu arren, garaipena jokatu zuten helmugan. Semperenak erasoa jo zuen azkeneko aldapa­txoan, baina ondo eutsi zion Urrak, eta oso azkarra izanik, esprintean irabazi zion.
Eta bigarren emaitza ederra, asteartean lortu zuen asti­gartarrak: Gipuzkoako Erloju­pe­ko Txapelketa zeukaten jo­ko­an, Aizarnazabalen, eta laugarren sailkatu zen, 20:48 denborarekin. Xabier Mikel Azpa­rren nagusitu zen (20:01), eta Aritz Urrak berak (20:33) eta Imanol Isasak (20:34) utzi zuten Semperena podiumetik kanpo.

Telmo Semperena bosgarren, Oñatin
Gipuzkoako Erlojupekoa izan zuten kadeteek ere, larunbatean Bergaran. Eta beraien espezialitatea izan gabe ere, ondo aritu ziren Telmo Semperena (14garren), eta Jaime Romero (27garren), hilabete eta erdiko lesiotik bueltan.
Oraindik hobeto joan ziren gauzak Oñatin, igandean, Ola­kua Proban. Tarteko helmugak irabaztea zuen helburu taldeak, eta Alexander Fernandez donostiarraren eskutik lortu zuten. Gero, hiru lagunek egin zuten ihes, eta ez zituzten harrapatuko helmugara arte. Donosti Berri aritu zen lanean aurrena, eta Telmo Sem­pe­re­nak erasoa jo zuen gero, Baz­piko Asier Pozorekin, baina ez zuten lortu aurrekoak harrapatzea. Azkenean, bosgarren sartu zen Semperena. Romero, berriz, 32garren izan zen.

Aimar Olasagasti, 7garren
Txirrindulari alebinek, Lezon izan zuten denboraldiko azkenaurreko proba; eta Aimar Ola­sagasti izan zen aurreneko astigartarra, zazpigarren sailkatuta, ibilbide gorabeheratsu eta gogorrean. 12garren postuan sartu zen Tasio Sem­pe­re­na, eta 16garren Eneko Indo.

Jubenilek, Gipuzkoako Txapelketa bihar Eibarren
Beste hiru proba izango dituzte astigartarrek, asteburu honetan. Alebinek, denboraldiko azkena daukate gaur, 16:30etan Zumaian. Kadeteek, berriz, Gaztetxoak torneoko proba bat daukate Busturian, 10:30etan.
Eta jubenilek, errepideko Gipuzkoako Txapelketa daukate bihar, goizeko 09:30etan hasita, Eibarren. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!