Urumea Berri auzoan ari dira egiten, Kontxa Etxeberria plazan, Astigarragako aurreneko parke estalia. Eta Udalak jakinarazi duenez, laster egongo da prest. Parkearen aterpeak, izango du 6 metroko altuera eta 24 metroko zabalera.
Udalak aurreratu du, gainera, laster inauguratuko dutela plaza bera: «ekainaren bukaeran edo, asko jota, uztailaren hasieran izango da Kontxa Etxeberria plazaren inaugurazioa, parke estali eta guzti».
Parke estalia, gurasoen eskaerei erantzunez
Urumea Berri auzoa garatzen ari den promotorari eskatu zion Udalak, plazaren urbanizazio proiektuan parke estalia jartzeko, «gure herriko guraso gazteek horren beharra ikusten dutela kontuan izanda».
Zentzu horretan, Udalak nabarmendu du, «bizilagunen nahiak kontuan» izan nahi dituela, eta jolasgune estalia izan zela, hain zuzen ere, iazko aurrekontu partehartzaileetan bigarren aukera bozkatuena: «epe laburrean, gure herriko gurasoek izango dute toki aproposa haurrekin egon eta jolastu ahal izateko, eguraldi txarra egiten duenean», adierazi du.