Aurreko astean eman zioten hasiera 2017ko San Joan Jaietako egitarauari Ttarla dantza taldeko kideek, eta gaur izango du segida, urtero festak iragartzen dituzten ekintza batzuekin. Arratsaldeko 17:00etan izango dira Gerardo Plazaren Oroimenezko XIgarren haurren xake partidak; eta ondoren, herriko txikiak izango dira protagonista, berriro ere, XIXgarren Preludio Txikian. 19:00etatik aurrera izango da hori, Plazan.
Sei zutabe
Aurtengo egitaraua aurkezteko, prentsaurrekoa deitu zuen Jai Batzordeak, Udalaren babesarekin. Bertan izan ziren herenegun, Luis Intxauspe alkatea, Koro Etxeberria kultura zinegotzia eta Garazi Etxarri berdintasun eta gazteria zinegotzia, Udaletik, eta Jai Batzordean lanean diharduten hainbat eragile: San Joan Konpartsa, Elur Txori elkartea, Txosna Batzordea, Bilgune Feminista, Askekintza, etab.
Etxeberriak onartu zuen: «horiengatik guztiengatik ez balitz, egitarau hau ez litzateke posible izango». Eta ondoren, egitaraua sei zutabek eusten zutela azaldu zuen: elkarri zor diogun errespetuak; emakume eta aukera sexual guztiengatiko errespetuak («ez ezetz da!»; hizkuntzak («San Joanetan ere, euskeraz!»); jatorri eta kultur aniztasunak; aniztasun funtzionalak; eta elkartasunak, batez ere, ez daudenekin.
Animaliak hiltzen dituzten ekintzarik ez
Koro Etxeberriak azaldu zuenez, berrikuntza nabarmen bat izango da aurtengo San Joanetan: «animalien erabileraren inguruko lanketa bat egin da, kalean dagoen eztabaida baita; eta elkarrizketaren bidetik eta errespetuz, akordio batera iritsi gara». Horrela, bada, ez da animaliarik hiltzen duen ekintzarik izango. Gainera, ekainaren 27an ez da ez sokamuturrik, ez zezen txikirik antolatuko, eta horien ordezko ekintza alternatiboak programatu dituzte.
Horren aurrean, pozik agertu ziren Askekintzako kideak, baina aurrerago, gehiago eskatuko dutela diote: «pauso txikiak dira, baina gure helburua da animalien askapena eta horren aurkako ekintza guztiak kentzea. Horren alde borrokatzen jarraituko dugu Jai Batzordean».
San Joan Konpartsa, omendua
Bertan izan zen, baita ere, Jon Oñate, San Joan Konpartsako kidea. 25 urte beteko ditu ekainaren 27ko karrozak, eta horregatik, beraiek izango dira jaiei hasiera eta bukaera emango diotenak: «eskerrak eman nahi dizkiogu Jai Batzordeari», adierazi zuen Konpartsaren kideen partez.
Skakeitan eta Huntza, Plazako oholtzaren gainean
Urtero bezala, musikak izango du protagonismo berezia gaur zortzitik aurrera: betiko txarangak, txistulariak, Ozenki eta Kantuzen kontzertuak... baita duela bi urtetik aurrera egiten den kontzertu haundia ere. Aurten, gainera, bikoitza: Skakeitan eta Huntza igoko dira Plazako oholtzara!
Kide berri bat, txosna-gunean
Txosna Batzordearen eta Udalaren arteko protokoloa nabarmendu zuten baita ere, eta Batzordeko kideek argi esan zuten: «edozein arazo gertatzen dela, gu prest laguntzeko!». Iragarri zuten, baita ere, txosna berri bat izango dela aurten: Askekintzakoa.