Txantxangorri Elkarteak ekitaldi ugari antolatzen ditu San Joanetan eta horien artean tiraketa eta ehiza txapelketa desberdinak izaten dira. Honela, etzi bi tiraketa txapelketa egingo dira, eta igandean, berriz, ehiza txapelketaren txanda izango da.
10 eta 16 urte bitarteko gaztetxoentzat Miguel Ollo memorialaren 49garren edizioa antolatu du. Haur karabi tiraketako txapelketaren kanporaketa da, eta arratsaldez, 17:00etan, hasiko da. Dena den, ordu horretan parte hartu ezin duenak goizez egin dezake tiraketa.
Horrez gain, entrenamenduak egin daitezke goizez, 11:00etatik 13:00etara. Finala ekainaren 23an jokatuko da.
Helduek, aldiz, probintzia mailako San Joan Sari Nagusiarekin eta Elkarteko Sari Nagusiarekin hasiko dute eguna, 09:00etan, Arkalen edo San Telmo tiro eremuan, Hondarribian. Txapelketetan izena emateko, elkartean horretarako jarrita dauden paperetan, egin behar da.
Igandean, Miravalles kanpan
Igandean, goizez eta arratsaldez, probintzia eta herri mailako Hernaniko Udala Sari Nagusia jokatuko da Urnietako Miravalles kanpan. Colombairerako usakume tiraketa izango da.