«Ez zait gustatzen publiko edo ikusle kontzeptua; akzio eragile hobe, obrarekin erlazionatzen dena»

Kronika - Erredakzioa 2017ko eka. 3a, 02:00

Heriotzaz ari bazen ere, erakusketa bizia izan da Carmen Ibañez artistak Biterin jarri duena, astebetez: Ausentziak eta Presentziak.
Izan ere, Ibañezek berak azaldu zuen bezala, erakusketaren helburuetako bat izan da «artistak protagonismo osoa duen izaera indibidualeko erakusketari izaera kolektiboa ematea, publiko akzio eragileak egindako ekarpenekin». Ho­rre­la, pieza berriak bildu ditu bu­kaeran, eta oraindik ere, be­re bidea egiten ari da sorkun­tza prozesua; bizirik eta eraldatzen, osatzen segitzen du.

Debekatu, ‘Ukitzea Debekatuta’ dioen kartela
Erakusketari izaera kolektiboa eta bizia emateko hartutako aurreneko neurria izan da, pu­bli­koaren beraren papera al­da­tzea. «Ez zait gustatzen publiko edo ikusle kontzeptua», azaldu du Ibañezek. «Akzio eragile hobe, obrarekin erlazionatzen dena».
Horrela, erakusketarako sortutako obrak aurkezteko performance bat egin zuen Carmen Ibañezek berak inaugurazioan, eta segidan, guztia ukitzera gonbidatu zituen bisitariak. «Publikoari askatasuna eman behar zaio obrarekin fisikoki esperimentatzeko. Ho­rri esker, nork bere ikuspuntutik biziko ditu hainbat sentsazio, sentimendu eta esanahi. Debekatu egin behar litzateke ‘Ukitzea Debekatuta’ dioen kartela jartzea».
Erakusketa osatzeko piezetan, heriotza mota desberdinak ekarri nahi izan ditu gogora artistak, eta bakoitza ukitzean, hainbat sentsazio sentitzeko aukera aldarrikatu du. «Etxerik gabekoei argazkiak atera nizkien, eta denek dute begirada galdua. Ingurua lejiarekin erre nuen, eta hori uki­tzeak gogortasuna areagotzen du, nere ustez. Edo alzheimerra dutenei, adimena preso dutenei omenaldia egin nahi izan diet, eta koadroei aurrean jarritako barroteen testurak gehitu egiten dio koadroari. Edo ‘urkatutako loreak’, giza ilearekin egindakoak ingura­tzen dituzten adarrak, hildako horren bizitzaren gogortasuna adierazi dezakete».

Zoritxarreko erruleta, sendagaiak edo ezereza
Ibañezek egindako gonbidapena jarraitu duten ‘akzio eragileak’ gutxi izan dira. «Publiko akzio eragilearentzat ez da ulertzen erraza, egun batzuetan artista izan daitezkeela; horregatik, ez dira asko izan, ekarpenak».
Baina bai, oso preziatuak. Horietako bat Felix Etxeberriak egin du: ‘Zoritxarreko erruleta’. Eskelekin osatutako paper ze­rren­dak elkartu ditu, zirkulo bat osatzeko. «Heriotzaren erruleta gogorarazten du, eta era berean, ordulariaren az­pi­an jarrita, denboraren joana adierazten du», azaldu du Ibañezek. 
Beste artista batek sendagaiak ekarri ditu: alzehimerra izaten denean hartzen direnak, eta opiazeoak, «heriotzarako saltoa leuntzen laguntzen dutenak. Oso esanguratsuak dira».
Hirugarren batek aitarekin lotzen duen ipuin eta olerki liburua ekarri du: Sabin euskalduna. «Dagoeneko hil den aitarekiko lotura irudikatzen du, alabarentzat».
Beste batek ere, aita gogora ekartzen dioten hainbat elementu eraman ditu erakusketara: aitaren zerrautsak gordetzen dituen kutxa, aitaren txapela, eta azken egunetan edaten emateko erabilitako botila. «Metonimia erabiliz aita ordezkatzen duten elementuak dira. Aita ordezka­tzen dute, eta oraindik elkarrekiko erlazioa mantentzen dute objektu horien bitartez, familiak eta aitak. Ez dago ausen­tziarik, presentzia bat baizik. Oso ondo lotzen dut erakusketaren izenburuarekin».
Azkenik, leku bat hutsik utzi dute erakusketan. «Era­kus­ketara etorritako batek esan zidan heriotzak ezerezarekin lotzen duela».

Eraldaketan, oraindik
Erakusketa bukatu bada ere, oraindik bizirik eta eraldatzen ari dela jakinarazi du artistak, Carmen Ibañezek. «Gauzak jasotzean, aztoratzeko moduko pieza berri bat sortu dut: barruan ‘urkatutako loreak’ dituen hilkutxa. Izan ere, artea prozesu amaigabea da». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!