Bi zita zeuzkaten pelotari astigartarrek, asteburu honetan, eta bi aldeak ezagutu dituzte; kontrajarritako bi sentsazio.
Garaipenaren poza bizitu zuen Oier Gurutzealdek, trinketeko Euskal Herriko Txapelketan. Final borobila jokatu zuen Eneko Maiz billabonarrarekin, eta nagusitasun haundiz irabazi zuten, Lagunak taldeko Santamaria eta Etxemendiren kontra (40-15). Txapela janzteko aukerarik ere ez zioten eman Lekunberriko bikoteari, Abadiñoko Tornosolo frontoian.
Kanporaketari ezin buelta eman, Oiartzunen
Kontrakoa gertatu zen Herriarteko Txapelketan: ezin izan zion buelta eman kanporaketari, final laurdenetan, Astigarragak. Oiartzungo Madalensoro frontoian zeukaten bueltakoa, eta oiartzuarrak gehiago izan ziren berriro, joanekoan Astigarragan bezala.
2-1 kontrako balantzearekin, eta -4 tantuko aldearekin joan zen Astigarraga, eta bazeukan esperantza, han bi partidu irabazteko. Baina ez ziren ondo hasi gauzak, eta 8-22 galdu zuten Urdangarin eta Zapiain kadeteek.
Hori horrela, beste bi partiduak irabazi beharra zeukaten. Baina aurreko astean bezala, galdu egin zuten Exposito eta Olarra jubenilek, kontrarioak estutu arren (15-22).
Beraz, ez zegoen ezer jokoan, nagusien mailako partiduan, baina behintzat, erakutsi zuten gehiago direla, Loidik eta Santxezek: 9-22 nagusitu ziren, puntu bat ekartzeko.