2 puntuko igoera euskeraren erabilerak Hernaniko kaleetan, azkeneko 15 urteotan

Kronika - Erredakzioa 2017ko eka. 12a, 02:00

2001etik bost urtero egiten ditu Euskeraren Kale Erabileraren Neurketak Soziolin­guistika Klus­terrak eta azkenekoaren emaitzak aur­kez­ten ari dira orain, herriz herri; 2016ko udaz­kenean egin zituztenak. Hernanin, Be­len Uranga Klus­te­rreko ki­dea izan zen datuak ema­teaz ar­du­ratu zena duela aste batzuk.
Urangak azaldu zuenez, neurketa horien arabera, Her­nanin, «kalean entzun­dako 10 elkarrizketatik 3 izan dira euskeraz, hau da, %29,8a, eta ia 7 gaztelaniaz». Horrek esan nahi du, «erabilerak azken 15 urteotan 2 puntuko igoera baino ez duela izan Hernanin, neurtutako 9 zonaldeak kon­tuan hartuta».

Zonaldeen artean, desberdintasunak
Hain zuzen, Hernaniren kasu­an, bederatzi zonalde edo auzo­tan egin zituzten neur­ke­tak: Erdigunea, Elizatxo-Portu, La­rra­mendi-Lizeaga, Karabel-Zi­ku­ñaga, Marieluts-Latsun­be­berri, Gartzia-Goldaratz-Kar­­me­­­lo Labaka, Antziola, Sagas­tialde-Florida-Etxeberri eta Ere­ñotzu.
Eta horien artean ere, izan dira desberdintasunak. Batetik, %40tik gorako erabilera eman dute Erdiguneak, Marieluts-Latsunbeberrik eta Portu-Elizatxok. Bestetik, %25etik be­herakoa, aldiz, Antziolak, Sa­gas­tialde-Etxeberrik, Gartzia Golda­raz-Karmelo Labakak, La­rra­­men­di-Lizeagak eta Kara­bel-Zi­kuñagak. Eta bereziki ai­patu dute Ere­ñotzu, %92,4ko era­bile­ra duena gaur egun.

 

KALE NEURKETAREN EMAITZA NAGUSIAK
- Kalean entzundako hamar elkarrizketatik hiru izan dira euskeraz (%29,8), eta ia 7 gaztelaniaz. Beste hizkuntza batzuetan erabilera %1,2koa izan da.
- Erabilerak azken 15 urteotan 2 puntuko igoera baino ez du izan Hernanin, neurtutako 9 zonaldeak kontuan hartuta.
- Bi multzo nabarmen bereizten dira Hernanin erabilerari dagokionean. Batetik daude %40tik gorako erabilera eman duten zonaldeak: Erdigunea, Marieluts-Latsunbeberri eta Portu-Elizatxo. Azken 15 urteotan etengabe egin dute gora,
gainera.
- Bestetik daude %25etik beherako erabilera dutenak: Antziola, Sagastialde-Etxeberri, Gartzia Goldaraz-Karmelo Labaka, Larramendi-Lizeaga eta Karabel-Zikuñaga. Azken 15 urteotan emaitza gorabeheratsuak eman dituzte: batzuek gora egin dute, baina beste batzuek, behera.
- Eta aparteko trataera eman behar zaio Ereñotzuri; %92,6ko erabilera eman du auzoak.
- Emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago hitz egiten dute euskeraz: emakumezkoen erabilera %32koa izan da, eta gizonezkoena %27,1ekoa. Joera hau mantentzen ari da azken neurketetan.
- Haurrak (2-14urte) entzuten dira euskeraz gehien (%45,2) eta Gazteak (15-25) hurrena (%30,6). Baina kontuan izan behar da beraiek direla ezagutza haundiena dutenak ere. Haurren %90ak badaki euskeraz eta gazteen %85ak ere bai.
- Helduek (26-65) eman duten datua hauxe izan da: %25,9; eta adinekoek (>65), berriz, hauxe: 13,1. Kontuan izan behar da ezagutza-maila ere baxuagoa dela adin-tarte hauetan.
- Azken 15 urteori begira, adinka, hauxe izan da bilakaera: haurrek 3 puntuko igoera egin dute; gazteek 13 puntuko igoera; helduek 2 puntuko igoera eta adinekoek 3 puntuko jai­tsiera.
- Haurrek eta helduek elkar eragiten dute. Helduak, tartean haurrik ez dagoenean, hamarretik bi baino elkarrizketa gutxiago dira euskeraz (%16); tartean haurrak daudenean, hamarretik hiru baino gehixeago ari dira euskeraz (%31,4). Haurrak bakarrik daudenean hamarretik 4 dira euskeraz (%40,8); tartean helduak daudenean, haurren hamar elkarrizketetatik bost dira euskeraz (%50,3).
- Ezagutzak azkar egin du gora Hernanin. Une honetan, 2011ko datuak erreferentzia hartuta, %58 inguru dira euskaldunak; %20 baino gehiago ia euskaldunak (ulertu bai baina hitz egiteko zailtasunak dituztenak) eta %20 erdaldunak. Hitz egin eta ulertzen dutenen artean %80 osatzen dute.
- Erabilera haunditzeko tartea eta aukerak haundiak dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!