Hernaniko PSE-EEren ustez, EH Bilduren udal gobernuak «lotsa galdu du» bere azkeneko erabakiarekin. Horregatik, salatu egin dute prentsa-ohar bitartez: «Bilduren Udal gobernuak Euskal Presoak Etxera leloaren bandera bat jartzea erabaki du Plazako ikurriñaren hagaren goialdean, eta Udal langileak jarri dute, udal aginduz. Harrituta geratu gara Udal langileak ikusi ditugunean ‘Euskal Presoak etxera’ leloaren bandera jartzen».
«EH Bilduk maskara kendu du»
Prentsa-oharrean azaltzen duenez, PSE-EErentzat, «denok elkarbizitzaren alde lan egiten badugu, sentsibilitate pixka bat izan behar dugu eta jakin behar dugu Udaletxeak denon etxea izan beharko lukeela, eta ezin dela gutxi batzuengatik erabilia izan; are gutxiago, udal erregidoreen laguntza edo onespenarekin».
Ricardo Crespo sozialisten Udal bozeramailearen hitzetan, «dispertsioaren politikaren bukaerarekin ados egon gaitezke, ekintza armatuaren behin betiko bukaeraren ondoren. Batzuetan, gainera, onartu dezakegu, partekatu gabe, askotan Kaxkoak daukan itxura, betiere, adierazpen askatasunaren mugen barruan. Baina, adarjotze bat iruditzen zaigu udal baliabideak erabiltzea hain argi proselitismoa egiteko». Horrekin, beraien ustez, «EH Bilduk maskara kendu du».
Gainera, diotenez, «behin baino gehiagotan» galdetu diote Alkateari nork jartzen dituen pankartak: «berak dio ez dakiela», dio Crespok.
«Udaletxeak denon etxea izan beharko lukee, eta ezin da gutxi batzuengatik erabilia izan»
Eskaera, kentzeko
Horregatik guztiagatik, PSE-EEk eskatu dio Udal gobernuari bandera kendu eta ikurriña aurreko egoeran uzteko, izan ere, «hori da, gaur egun, denok ordezkatzen gaituena», onartu dute.