Eguzki izpiek eta Arraun Elkarteko kideen irriparrek argitasun osoz bete zuten atzo Tilosetako kioskoa. Egun haundia zen Hernaniko arraunlarientzat, izan ere, aurrenekoz, herritarren aurrean aurkeztu zuten Maialen trainerua, eta bertan lehiatuko den neska-taldea. Hurrengo larunbatean hasiko dute denboraldia, Gipuzkoako Traineru Ligako aurreneko jardunaldian; datorren larunbat eguerdian, Deustun.
Ekitaldi xumea bezain hunkigarria, Ander Txintxurreta kazetariak eman zion hasiera aurkezpenari. Eta Andoni Mujikaren bertsoaren eta Ttarla dantza taldearen agurraren ondoren, Xabier Gurrutxaga Elkarteko lehendakariak hartu zuen hitza: «hirugarren aldiz aurkeztu dugu trainerua, eta esan beharra dago nesken arraunak goraka egin arren, oraindik ere, zailtasunak daudela traineruak ateratzeko». Egoera hori kontuan hartuta, poza adierazi zuen Gurrutxagak atzoko aurkezpena egin ahal izateagatik.
Era berean, entrenatzaile berria aurkeztu zuten, Xabier Zabala, iaz Donostiarrako entrenatzailea zena. Azaroan hasi ziren lanean, eta argi dauka: «lana ondo egiten badugu, sorpresa potoloak emateko gai izango gara».
19 ARRAUNLARIAK
- Anhitze Kalonje
- Ainhoa Zabaleta
- Amaia Larrarte
- Ane Sanchez
- Belen Otero
- Desiree Gertrudis
- Enara Villena
- Estela Pastoriza
- Estitxu Zabala
- Maider Perez
- Maider Zumeta
- Maitane Iraola
- Malen Oiarzabal
- Mireia Vicente
- Miren Lopez
- Miren Urrutia
- Oihana Goenaga
- Patricia Trigo
- Uxue Alberdi
- Miren Garmendi