Ikasturte bukaerara iristen ari gara, eta eskola guztietan ohikoa den bezala, Ereñotzuko Txirrita Ikastetxeko haur eta gaztetxoek ere, dantzatuz eta abestuz bukatuko dute 2016-2017ko ikasturte hau.
Horretarako, eta San Antonioetako jaien iragarle gisa, ikasturte bukaerako jaialdia egingo dute datorren ostiralean. Arratsaldeko 15:00etan izango da, beti bezala, Ereñotzuko frontoian.
Munduko haurrak, irudikatuta
Ohi bezala, gai zehatz bat jorratzeko erabiliko dute festa. Aurtengoan, munduko haurren ingurukoa izango da, eta horiek irudikatzen saiatuko dira, doinu eta pauso ezberdinen bitartez.
Kasu honetan, ikasle zaharrenek emango dute munduko hainbat herrialderen berri, eta txikienek, aldiz, herrialde horien dantzen emanaldia eskainiko diete bertaratzen direnei.