Aste berezia izaten ari da hau Hernaniko Errugbi Elkartearentzat. Errugbi barneratzailearen aurreneko urtebetea ospatu zuten asteartean Tilosetan, eta herenegun beste bi zita garrantzitsu izan zituzten: 50garren urteurreneko liburuaren aurkezpena eta Garagardo Azokaren inaugurazioa.
Errugbiaren 50 urteko historia, bilduta
Ostegunean egin zuten Errugbiaren 50 urte Hernanin liburuaren aurkezpena Txintxua hotelean, eta bertan bildu ziren belaunaldi guztietako jokalariak, Juan Rodriguez lehendakaria, Esti Aldeiturriaga kiroletako zinegotzia eta Iñigo Goñi liburua idatzi duen kazetaria. Argazki, kolaborazio eta beste kiroletako ordezkarien bitartez, belaunaldiz belaunaldiko errepasoa egiten zaio Errugbi Elkartearen historiari.
Liburua bi hizkuntzatan argitaratu dute, euskeraz eta gaztelaniaz, eta Garagardo Azokan eta klubean bertan erosi ahal izango da, 25 euroan.
Garagardo Azoka, bihar arte
Egun berean izan zen, baita ere, Garagardo Azokaren hamalaugarren edizioaren irekiera. Errugbi barneratzailea eta Seven taldeko Igor Etxeberria igo ziren oholtzara, eta beraiek egin zuten aurreneko topa. Igandera arte luzatuko da azoka preziatua.
Aurten, gainera, kutsu solidarioa izango da, izan ere, Pasaportes Para Siriari emango diote biltzen den diruaren portzentai bat. Eta bertan izango dira elkarteko kideak, gaur eta bihar, errefuxiatuen inguruan herritarrak sentsibilizatzen.
Aurreneko txapelketa, gaur
Astea borobiltzeko, gaur, 11:00etan hasita, Landaren jokatuko da Hernaniko Errugbi Barneratzailearen aurreneko txapelketa.