Aurreko larunbatean egin zuen bere aurreneko batzarra, Goizuetan gasolindegia jartzeko asmoz sortu zen GoizuKoop kooperatibak. 61 bazkide azaldu ziren, eta aho batez onartu zituzten bi gai: kontu ekonomikoak, eta barne araudia.
Barne araudiko zenbait punturi buruz eta obrei buruz aritu ziren batzarrean. Izan ere, dagoeneko martxan dira, eta bide onetik dijoaz.
Hornitzaile aukeratzeko lanean, orain
Batzarrean jakinarazi zuten, bestalde, hornitzaile bila hasi direla, eta aukeratzeko lanean ari direla orain. Hiru oinarriren gainean erabakiko dute: zerbitzua ona izatea, erregai kopuru txikiak hornitzeko gai izatea, eta ordaintzeko baldintzak onak izatea.
Oinarri horiek betetzen dituzten hornitzaileei irekita daude, eta dagoeneko hitz egin dute hirurekin. Horietako birekin, beste bilera bat izanen dute datozen asteotan, erabakia hartu aurretik. Eta beste batek, proposatu du gasolindegia abanderatzea, bere markaren logoa jartzea. Azaldu zuten, horrek bere onurak dauzkala, baina baita konpromiso batzuk eskatu ere. Horregatik, batzarrean kontsultatu zuten, eta erabaki zen ez zaiola aterik itxiko, eta aukera hori ere aztertuko dela, beste eskaintzekin batera.
Gasolinaren prezioak, dagoeneko zehaztuta
Gasolinaren prezioen berri ere eman zuten batzarrean: erositako prezioa baino 10 zentimo gehiago ordainduko dituzte bazkideek, eta 13 zentimo gehiago bazkide ez direnek. Hori gutxieneko marjina izanen da, eta zuzendaritzak aukera izanen du prezioa igotzeko, horretarako arrazoirik balego, kontsumoaren arabera.