Astebete, zortzi egun besterik ez dira falta, Mendialdean herri galdeketa egiteko. Ekainaren 18an, datorren igandean, bi galderari erantzungo diete herritarrek: aurrena, Nahi al duzu Nafarroako herritarrok gure etorkizun politikoa modu askean erabakitzea? Eta baiezkoa erantzunez gero, bigarren galdera izango dute: Nahi al duzu Euskal Herri libre bateko herritarra izan?
Bozka aurreratua, gaur eta ostegunean
Baina ekainaren 18an bakarrik ez, aurretik ere izango da aukera, boto emateko. Aranon, gaur eman dezakete bozka aurreratua: Benta Berrin aurrena, Muxarra elkartearen aurrean, 09:30etatik 10:30etara; eta Suron ondoren, Ixerkoegin, 11:30etatik 12:30etara.
Goizuetan, berriz, bi egunetan izanen dute aukera, aurrez emateko botoa, herriko plazan: gaur goizean, 11:00etan hasi eta 13:00etara arte; eta datorren ostegunean arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara.
96 aranoar eta 638 goizuetar, bozkatzera deituta
Ekainaren 18an, berriz, egun osoan zehar izanen dute bozkatzeko aukera, bi herrietan, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 20:00etara. Aranon, elkartearen aurrean egongo dira hautestontziak; eta Goizuetan, herriko plazan jarriko dituzte, egun horretan ere. Guztira, bozkatzera deituta daude 96 aranoar eta 638 goizuetar.
Bozkatzeko, beharrezkoa da 16 urte edo gehiago izatea, eta herrian erroldatuta egotea. Nortasun agiria erakutsi beharko da, bozkatzerakoan.