Martxoan jarri zuen martxan Udalbiltzak, Udalbiltzan Bagabiltza hausnarketa prozesua, datozen erronkei hobeto erantzun ahal izateko. Prozesu horretan, hautetsien, herritarren eta eragileen iritzia jaso nahi izan da, eta herritarrek daukate orain epea irekita, www.udalbiltza.eus webguneko inkesta betetzeko, ekainaren 18ra arte.
Garai berrietara egokitzeko, erronka berriak
Udalbiltza 1999an sortu zen, Lizarra-Garaziren ondorenean. «Orduko printzipioek gaur egun ere balio» dutela diote erakundetik, baina «egoera politikoa oso desberdina» dela argi daukate, eta horregatik, «gaur egungo egoera eta baldintza politikoak kontuan hartuta, XXI. mendeko Udalbiltza behar» dela.
Hain zuzen, nolakoa behar duen zehazteko, iritziak biltzen ari dira. Martxoan hasita, 400 hautetsi ingururekin bilerak egin dira, hauen ekarpenak jasotzeko, eta orain, herritarren txanda da, dauzkaten kezkak, iritziak, ideak eta ekarpenak helaraz ditzaten.
Emaitzak, udazkenean
Herritarren iritziak jasota, udara erabiliko da guztia baloratzeko, eta udazkenean emango da emaitzen berri.