350.000m2 berreskuratzea «izugarrizko oparia», Astigarragaren 30garren urteurrenean

Kronika - Erredakzioa 2017ko eka. 10a, 02:00

Prentsaurrekoa egin zuen EH Bilduk asteazkenean, Elio-enea eta Larraburu inguruko lurrak Astigarragako ondarera pasatzeko dagoen aukera baloratzeko. Andoni Gartzia bozeramaileak azaldu zuen «azken Plenoan jakin» zutela honen berri, eta azpimarratu zuen, EH Bildu izan dela «gai honi soluzioa aurkitu behar izan» diona.
Era berean, ekainaren 13an bi urte beteko dira Udalean korporazio berria sartu zela, eta ekainaren 30ean, berriz, Astigarraga berriro herri eginda osatutako aurreneko korporazioak 30 urte beteko ditu. Data horiek aprobetxatuta hainbat ekimen zehaztu ditu EH Blduk.

«Astigarragaren ondarea eta duintasuna babestea» eta «Garraio Hiriaren aurka egitea», helburu
Astigarraga berriro herri bilakatu zela 30 urte pasa dira, eta ordutik, gatazka izan du Do­nos­tiarekin, lur batzuen jabegoaren inguruan. Baina «badirudi konponbidea iritsi dela», azaldu du EH Bilduk.
Txoritokietako gotorlekuaren magalean, Elio-enea eta Larraburu baserrien inguruan dagoen lur eremua Astigarra­ga­ko Udalari dagokiola baieztatu du Euskadiko Auzitegi Nagusiak. Gaur egun, Donos­tia­ko bigarren zinturoiak bi­tan banatzen du lur-eremu hau. «Guztira, 349.741m2 dira, Anoetako 49 futbol-zelaiaren adi­nako azalera».
EH Bilduren esanetan, «Uda­­lak aurreko legealdira arte ez zion inoiz gaiari seriotasunez hel­du», eta horregatik, EH Bilduko udal-gobernuak «lu­rrak Asti­garragaren jabegora pa­satzeko eskaera formala egin zuen». Helburuak hiru zi­rela ere zehaztu du: «injustizi­a­ri aurre egin eta Astiga­rra­ga­ren ondarea eta duintasuna ba­bestea; gai honi behingoz so­luzio bat aurkitzea; eta az­kenik, bertan kokatzea aurreikusten zen Garraio Hiriaren aurka indar gehiagorekin egin ahal izatea».
Hasieran Donostiako idazkariak ezezkoa eman zion es­kaerari, eta EH Bilduk «epaite­gi­e­tara eramatea erabaki zuen». Orain Euskadiko Auzi­te­gi Nagusiak arrazoia eman dio Astigarragako Udalari, eta Do­nostiako Udalak oraindik erre­kurtsoa aurkez badezake ere, badirudi «prozedurak itxu­­ra ona duela», EH Bilduren esanetan. Horrela, zehaztu du, «EAJren ausardia falta eta As­tigarragaren ondarearen aldeko apustu sendorik gabeko ur­teen ostean, EH Bildu izan da gai honi soluzioa aurkitu behar izan diona».

30garren urteurrena
Berri hau «Astigarragak 30 urte betetzeagatik jaso duen izugarrizko oparia» dela ere azaldu zuen EH Bilduk prentsaurrekoan, eta horren harira, hainbat ekimen antolatu dituela ere jakinarazi zuen, herritarrak parte hartzera gonbidatzearekin batera.
Batetik, legealdi erdiaren balorazioak egiteko bilerak deitu ditu. Bestetik, erkausketa ibiltaria jarriko du. Eta az­kenik, ekainaren 30ean festa egingo du, arratsaldez. Besteak beste, Astigarragako aurreneko korporazioko (1987-1991) kideak omenduko ditu: Antton Arka alkatea, Martin Agirre, Antton Irazustabarrena, Mikel Larra­ñaga eta Maria Luisa Arregi. Korporazio hura osatu zuten baita ere Ricardo Arri­za­ba­lagak, Bixente Arrizaba­lagak, Mikel Zabalak, Emilen Arzallusek, Martin Arregik eta Juar Arzamendik. 

DESANEXIOTIK 30 URTE

Ekainak 13, 19:00etan udaletxeko plazan, legealdi erdiko balorazio batzarra. Gaiak: Kirolak, Urumea Berri proiektua, Presoak.
Ekainak 20, 19:00etan udaletxeko plazan, legealdi erdiko balorazio batzarra. Gaiak: Hezkuntza, Gazteak eta Obrak eta Zerbitzuak.

Astigarraga, 30 urteetan zehar, erakusketa ibiltaria:

  • Ekainak 27, Arrobitxulon, 19:00-21:00.
  • Ekainak 28, Ergobian, 19:00-21:00.
  • Ekainak 29, Kontxa Etxeberria plazan (Urumea Berri), 19:00-21:00.
  • Ekainak 30, Joseba Barandiaran plazan.
    • 18:00-20:00: Astigarraga, 30 urteetan zehar erakusketa eta legealdi erdiko balorazioaren itxiera (zaintza zerbitzua izango da).
    • 20:00-20:15 Presoen aldeko kontzentrazioa.
    • 20:15-20:30 Aurreneko korporazioko zinegotziei omenaldia.
    • 20:30-23:00 pintxo festa, musikaz girotua (5 euro).
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!