Auzoan euskera ikasten ari diren zortzi ereñotzuarrak, Txus, Marian, Josu, Mari, Arkaitz, Muni, Maite eta Riki, izan ziren suziria bota zutenak atzo, San Antonio jaiei hasiera emanez.
Klaseak maiatzeko azken ostegunean amaitu zituzten, eta orain festez gozatzeko merezitako denbora irabazi dute, dudarik gabe. Protagonistek ez dute ahaztu nahi Maddi irakaslea: «eskerrak eman nahi dizkiogu berari». Amaia Minerrek bultzatu zuen ideia, posible ote zen aztertu zen, eta aurrera eraman zuten.
Zortzi ikasleak, maila des-berdinean, ostegunero egon dira 16:30etatik 18:00etara euskera ikasten. Ereñotzu da auzorik euskaldunena, eta auzoko egunerokotasuna euskeraz egiten da; hori da beraz, bertakotzeko biderik onena.
Txus da, zortzietatik, Ereñotzun bizitzen denbora gehien daramana. «Euskera ikasteko aukera izatea ideia oso ona, ausarta eta era berean arriskatua zen. Umeak ditugu, gure lanak, denbora gutxi... eta ikasketak, familia eta lana kontziliatzea ez da erraza izan, baina erraztasun haundiak izan ditugu. Dobera Euskara Elkarteak umeen zaintzaren zerbitzua eskaini digu, eta klaseak AEK euskaltegiak eman dizkigu. Esperientzia ederra izan da».
Maitek, esaterako, bere haurra jaio berria klaseetara eramaten du eta bertan egoten da umearen aulkiarekin. «Oso lasaia da haurra. Txintxo txintxo egoten da» dio Josuk.
Astean ordu eta erdiko klaseak zeuzkaten, eta denbora gutxi da Txusen ustez. «Gainera, beti ezin izaten dugu klaseetara joan. Batzuetan lau egoten gara, besteetan sei, zaila da zortziak egotea. Hala ere, ikasten ari gara. Hilabete batzuk daramazki proiektuak, eta aurrera pausoak eman ditugu».
Datorren urtean euskaltegira joateko asmoa ere erakutsi du Txusek. «Maila oso desberdinak ditugu. Badaude ikasleak zerotik hasi direnak». Adibidez, hori da Josu eta bere emazte errusiarraren kasua. «Siberiakoa da eta euskera ikasi nahi du; eta horretan hasi gara aurten. Ereñotzun urtea ere ez daramakigu bizitzen, bederatzi hilabete».
Auzotarrek asko lagundu diete, eta Ereñotzuko lagun guztiak euskaldunak izanda, horrek gauzak erraztu dizkie. «Bertako euskera, erakusten denaren desberdina da, eta belarriak ohitu egin behar du», dio Txusek irrifar batekin. «Eguneroko bizitza euskeraz egiten da. Horrek euskerara hurbildu eta euskeraz hitz egitera animatu eta bultzatzen zaitu, nahiz eta hitz solteak esan soilik».
Denen seme-alabek Ereñotzuko Txirrita Ikastolan egiten dituzte ikasketak. «Oso ongi dago, 75 ikasle inguru daude oso gustora. Auzoak bizitza asko du».
«Txupinazoa botatzeko proposamena ez genuen espero, baina baiezkoa segituan eman genuen»
Eta atzotik hasita, oraindik eta gehiago, San Antonio festak hasi baitira. Txupinazoko protagonista izan ziren, eta ustekabean harrapatu zituen zortzi protagonistak. «Ez genuen espero. Ereñotzuko Jai Batzordeak proposatu zigun, jakinda proiektu desberdina eta berria izan dela. Guk baiezkoa segituan eman genuen. Inork ez zuen dudarik ere egin. Aurrera!», nabarmendu dute.
Seietan geratu ziren tragoxka batzuk hartzeko eta zortzietan bota zuten suziria auzo etxetik. Josuren kasuan, bizitzen ari den aurreneko San Antonioak dira. «Aurreko egunetan eta orduetan urduri egon gara, eta egun potentea bizi izan dugu. Txupinazoa, ondoren herri afaria frontoian eta gero Xabi Solanok bere azken diska, Ereñotzu, aurkeztu du. Eta amaitzeko Esne Beltza talde sorpresa bezala eta DJZren musika».
«Datorren urtean jarraitu nahi dugu euskera ikasten»
Behin jaiak amaituta klaserik ez dute, baina udara amaituta, klaseei berriro ekingo diete. «Printzipioz irailean hasiko ginateke. Denak oso gustora gaude eta egon gara, pasa den ikasturtean hobekuntza nabaritu baitugu. Hori bai, astean ordu eta erdi bakarrik edukitzeak asko mugatzen gaitu».
Lehen esperientzia izan dute euskera ikasten. «Etxean seme-alabekin euskeraz hitz egiten saiatzen gara», dio Txusek. «Hala ere, gero eta zailagoa egiten zait euskeraz etxean egitea, seme-alabek 12 eta 16 urte bitartean baitituzte. Adin horretan ezinezkoa egiten da». Hor, auzotarren laguntza beharrezkoa da. «Animatzen gaituzte: aupa Txus, aupa Josu... segi horrela!».
«Auzo Udalari eskerrak eman nahi dizkiogu»
Auzo Udala sortzeak, asko lagundu du Ereñotzun, Txus eta Josuren ustez. «Eskuduntzak izateak asko erraztu du dena, arlo guztietan. Eskerrak eman nahi dizkiogu Auzo Udalari, gauzak oso ondo egiten ari delako».