Kepa Alvarezek, SOS Errefuxiatuak Hernani taldearen izenean egindako adierazpenei erantzun nahi izan diote Udaleko Lankidetza arloak eta Kooperazio taldeak. Izan ere, Alvarez kexatu da Udalak bere eskaera bati ezetza eman ziolako.
«Hasieran aurrez aurre, eta beranduago, idatziz ere Udalak arlo honetan dituen jarduteko irizpideak eta prozedurak azaldu dizkio, baita egitasmo hau diruz ez laguntzeko arrazoiak ere», azaldu dute Udaleko arloak eta Kooperazio Taldeak berak.
Udala eta Kooperazio Taldea, elkarlanean
Azkeneko 17 urteetan Udaleko Lankidetza arloa eta Kooperazio Taldeak elkarlanean aritzen direla diote: «bertan erabaki da Udalera iristen diren diru-laguntza eskaeren aurrean zein jokabide izan, horretarako lankidetzan arituak diren hainbat unibertsitateko aditu eta eragileren aholkularitza eta formazioa jasoz».
Horrela zehaztu dute:: «diru publikoaren erabilera ahalik eta gardenena eta arduratsuena izatea da gure lehentasuna, parte hartu nahi duten GKEen aukera berdintasuna bermatuz, diruaren erabilera egokia egiten dela ziurtatzeko mekanismoak jarriz eta eragin nahi den egoera horretan ahalik eta modu eraginkorrenean aritzea bilatuz».
«Diru publikoaren erabilera ahalik eta gardenena eta arduratsuena izatea da gure lehentasuna»
Hiru arrazoi, Alvarezi
ezetza emateko
Ildo horretatik, hiru arrazoi azaldu dizkiote Alvarezi, ezetza esateko. Bata: «proiektua ez da aurkeztu Udalak lankidetza arloko diru-laguntzak emateko argitaratzen duen deialdira». Bigarrena: «eskaera Jaenen helbidea duen Asociación SOS Refugiados elkartearen izenean egin du, baina ez dago izena emanda EAEko Elkarteen Erregistroan, eta ez du egoitzarik bertan. Ezinbesteko baldintza da hau diru-laguntzaren bat jasotzeko».
Eta azkena: «egitasmoa ez dator bat Lankidetza Arloak eta Kooperazio Taldeak urteetan adostu duten lankidetza egoki baterako irizpideekin eta lan egiteko moduekin».
«Errefuxiatuen inguruko egitasmo ezberdinetara 20.877,28 euro bideratzea aurreikusten du»
Errefuxiatuen gaiarekin
lanean
Dena den, azaldu dute errefuxiatuen gaiari heldu diotela hainbatetan: «argitu nahi Hernaniko Udalak errefuxiatuen inguruko egitasmo bat baino gehiago babestu izan duela eta babesten jarraitzen duela. Aurten, esaterako, errefuxiatuen inguruko egitasmo ezberdinetara 20.877,28 euro bideratzea aurreikusten du, beraz Kepa Álvarez Bazek aipatzen dituen 400 euro horiek baino dezente gehiago».