Argi utzi zuen Hernanik lehengo igandean, ez zegoela amore emateko prest Berria Txapelketako final laurdenetan, baina aurkaria, Ilunpe, txapelketako txapela irabazteko faboritoa da, eta helburu horri segika fin dabilela erakutsi zuen.
Hernaniarrek ondo baino hobeto borrokatu bazuten ere, hiru partiduak galduta txapelketatik kanpo geratu ziren.
Ondo jokatu eta aurrea hartuta ere, ezin
Hiru bikoteek lan ederra egin zuten, eta daukaten maila ona erakutsi zuten.
Kadeteetan, Xabier Salaberriak eta Oihan Zugastik ohiko maila onean jokatu zuten, baina Alberdi II eta Unanue ere ez ziren atzean ibili, eta azkenean, Ilunpeko aurrelariaren abileziak garaipena eman zien, 22 eta 18.
Alain Agirre eta Ekaitz Insausti kadeteek, berriz, maila horretako bikote indartsuenetako bati egin behar izan zieten aurre; Iriarte eta Egigureni. Partiduaren aurreneko erdian ederki ibili ziren, Ilunpekoak estutuz, baina hauek, pelota aldatzeari esker, zazpi tanto segidan egin eta 22 eta 12 aurreratu zitzaizkien.
Azkenik, nagusien mailan, Paul Ojuel eta Markel Lizeaga Ilunpeko Alberdi eta Murgiondoren aurretik ibili ziren, 15 eta 13kora iritsi arte, eta bi bikoteek erakustaldi bikaina eman zuten. Baina Lizeagak eskubiko eskuan mina sentitu zuen, eta Ojuel laguntzen saiatu arren, azkenean ezin izan zieten eutsi Ilunpekoei, eta 22 eta 17 galdu zuten.
Egindakoarekin, pozik
Txapelketatik kanpo geratuta ere, egindako lanarekin pozik, Petritegin bazkari eder bat irabazi dute, pelotari hernaniarrek.