Azkeneko astean sartzera doa Tilos 7 Pasa txapelketa. Ostegunean jokatu zen mutilen 2garren mailako semifinal bat, eta Galdos eta Juarez sailkatu ziren finalera. Beste semifinala atzeratu egin zen, eta asteartean jokatuko dute, 20:00etan, Irazustabarrenak eta Lujanbiok, Loidi eta Amasen kontra.
Beste bi torneoetako semifinalak, berriz, datozen egunetan jokatuko dira: astelehenean mutilen 1go mailakoak, eta asteazkenean neskenak.
Lehia estua, denetan
Mutilen aurreneko semifinala, 19:00etan jokatuko dute, Ramosek eta Zubimendik, Aroztegi anaien kontra; iazko semifinal bera, hain justu. Hernaniarrak 22-21 nagusitu ziren orduan, eta beraiek dira azkeneko hiru urteotako txapeldunak; baina partidu estua espero da, eta errebantxa bilatuko dute Urnietako anaiek, aurrekoetan gertu izan duten finalean sartzeko.
Bigarrenean, 20:00etan, Elejalde eta Navarro izango dira faborito, baina bikote sendoa osatzen dute Salaberriak eta Gastesik ere, eta lehia polita eta ikusgarria izango da, bereziki aurreko koadroetan.
Nesketan ere, oso parekatuta daude bi semifinalak. 19:00etan jokatuko dute Alaitz eta Idoia ama-alabak, iazko txapeldunek, Uzkudun eta Fernandezen kontra. Bi aurrelari ausart ariko dira jokoan, eta tanto politak ikusiko dira, ziur.
Bigarren semifinalean, berriz, Leire eta Ixone, eta Urien eta Otaegi ariko dira. Jo haundikoak dira bi atzelariak, eta nork agintzen duen, horrek erabaki dezake semifinala.
Finalak, gaur zortzi
Hiru finalak ere, datorren astean izango dira, larunbatean: 17:00etan mutilen 2garren mailakoa, 18:00etan neskena, eta 19:00etan 1go mailakoa.