Gutxinaka iristen ari dira San Joan jaien iragarle diren urteroko ekintzak, eta horietako bat da Hernaniko Errugbi Elkarteak antolatzen duen Garagardo Azoka.
Hamalaugarren edizioa izango da aurtengoa, eta momentu berezi batean iritsiko da. Izan ere, herenegun ospatu zuten, jardunaldi berezi batekin, errugbi barneratzailean lanean diharduen urtebetea.
Inaugurazio ofiziala, gaur
Arratsaldeko 18:00etan irekiko dituzte aurtengo aurreneko kañeroak, baina 19:30etan egingo dute inaugurazio ofiziala errugbiko kideek herritarrekin batera.
Afariak, gaur eta bihar
Mota desberdinetako garagardoa izango da protagonista igandera bitarte, baina jatekoak ere izango dira aukeran. Gaur eta bihar afariak emango dituzte 20:00etatik aurrera, eta larunbat eta igandean, aldiz, bazkaltzeko aukera ere luzatuko dute.
Errefuxiatuek presentzia, asteburuan
Aurten gainera, kutsu solidarioa izango du azokak. Izan ere, bildutako diruaren zati bat Pasaportes Para Siria elkartearentzat izango da, errefuxiatuen alde egiten duten lanean laguntzeko.
Baina ez hori bakarrik, elkarteak berak ere presentzia izango du azokan: postua jarriko dute informazioa zabaltzeko eta dirua biltzeko. Eta haurrentzako eskulan eta jolasak ere izango dira.