Aurreko asteko Plenoko puntu batek eztabaida sortu zuen EH Bilduren gobernuko kideen eta oposizioko kideen artean, Aurrekontuaren Exekuzioa aldatzeko araua zela eta. Besteak beste, kargu publikoen diru-sarrerak arautzen ditu, EAJk prentsa-ohar bitartez azaldu duenaren arabera. «Araua aldatzeko helburua ez da euro batzuk aurreztea, oposizioa zigortzea baizik», salatu du.
«Legez kanpoko proposamena»
Adierazi du, Plenoan azaldu zuen bezala, «legez kanpoko proposamena da, diskriminatzailea delako, eta oposizioaren ekintza zaildu eta zigortu nahi du». Horren aurrean, jakinarazi dute, «EAJren bozeramaileak eskatu zuen puntua mahai gainean uztea, kontu-hartzaileak legezkotasun txostena egin arte. Baina Bilduk ukatu egin zuen, eta beren botoekin onartu zuen».
Andoni Amonarraiz EAJren bozeramailearen hitzetan, «arauak ahalbidetzen zion herritar bati bere soldata mantentzea, enpresa batetik zinegotzi izatera igarotzean, izan gobernuko edo oposizioko kide. Aldaketak eragingo du, Bilduko kideak herri-politikagintzara iristean beren diru-sarrerak mantendu edo igoko dituztela; eta oposizioko kideek, aldiz, erosteko ahalmena galduko dutela, izan ere, gutxien irabazten duen Bilduko zinegotziak baino %10 gutxiago jasoko dute».
Horrela, EAJren datuen arabera, «oposizioko liberatuari 541 euro kenduko dizkioten bitartean, Gobernuko zinegotzi batek 855 euro irabazten ditu egunean ordu eta erdi lan egiteagatik».
«Legez kanpoko proposamena da, diskriminatzailea delako, eta oposizioaren ekintza zaildu eta zigortu nahi du»
«Bilduren beste iruzur bat»
EAJren ustez, «hau Bilduren beste iruzur bat da, hernaniarrei, enpatia, berdintasuna, elkarbizitza, etab. saltzen dietenean. Beste herri batzuetan, historikoki aurrez aurre egon diren jarrerak hurbiltzen ari diren bitartean, Hernanin, Bilduk nahi du alderdi desberdinen arteko egoera berdina edo okerragoa izatea».