Aste berezi zein bereziagoa daukate aurretik Hernaniko Errugbi Elkarteko kideek. Espainiako Seven txapelketa irabazi ondoren, festarako garaia iritsi zaie.
Gaur ospatuko dute errugbi barneratzailearen alde urtebetean egindako lana, arratsaldeko 17:30etatik iluntzeko 20:30etara Tilosetan egingo duten kirol erakustaldiarekin.
Azaldu dutenez, beren asmoa da aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioan lan egiten duten Hernaniko eta inguruko taldeei protagonismoa ematea.
Bertan izango dira C.D. Dordoka, Kemen, Pagazpe, Mindire eta Hernani bera; era berean, postua jarriko dute Atzegik, Gautenak eta Kirol Egokituko Gipuzkoako Federazioak.
Gainera, Gazte Asanbladaren babesa ere izango dute, ekimenarekin gazteengana iristen laguntzeko.
Etzitik aurrera, garagardo azoka
Asteburuko festaren iragarle izango da gaurkoa. Izan ere, alde batetik, errugbi barneratzailea izango da asteburuan Landaren, eta urtero bezala, Garagardo Azoka jarriko dute Atsegindegin, etzitik igandera bitarte. Aurtengoak, kutsu solidarioa izango du, gainera.
Pasaportes Para Siriari, laguntza
Itziar Villalba eta Bea Corral hernaniarren Pasaportes Para Siria elkartearentzat izango da, hain zuzen, Errugbi Elkarteak biltzen duen diruaren zati bat, Atenasko City Plaza Hotelari laguntzeko erabiliko dena.
Horrez gain, postua jarriko du errefuxiatuen aldeko elkarteak, larunbata eta igandean, informazioa zabaldu, eta beren elkartearentzat dirua biltzeko. Haurrentzako eskulanak ere, izango dira.