Boxeo belada izango da gaur, gaueko 22:00etan, Astigarragako kiroldegian. Atzo eguerdian aurkeztu zuten, Petritegi sagardotegian. Sei borrokako belada izango da, hamabi boxeatzailerekin; eta horien artean, astigartar bat ere ariko da.
Debuta egingo du Ander Altuna herritarrak, gaur, 19 urterekin. Aspalditik daukan afizioari kasu eginda, orain urtebete inguru hasi zen entrenatzen, «baina gurasoek aurreko igandean jakin zuten!», aitortu du. Bere ibilbideko aurreneko borrokan, Mikel Martin bilbotarra izango du aurrean.
Hiru minutuko hiru asaltotara, borroka bakoitza
Amateur mailako borrokak izango dira seiak, eta hiru minutuko hiru asaltotara jokatuko da borroka bakoitza. Beste bost borroketan, honakoak ariko dira elkarren kontra: Jon (Paco Bueno gimnasioa) eta Madi (Zumaia), Yosua (Paco Bueno) eta Ricardo (Anoeta), Aitor (Irun) eta Pablo (Burgos), eta Ares (Irun) eta Jesus (Burgos).
Sarrerak salgai, aurrez edota egunean bertan
Beladarako sarrerak, aurrez erosi daitezke, Astigarragako kiroldegian eta Paco Bueno gimnasioan: orokorra 12 euro, aulkian 17 euro, eta haurrena (10 urte arte) 5 euro. Gaur bertan ere izango da aukera, kiroldegiko takillan: orokorr, 15 euro; eta aulkian, 20 euro.