Txosna jartzeari utziko dio aurten Dobera-Kronikak, eta beraz, ez ditu urteroko gosariak emango. Baina San Joan jaiei bere ekarpen propioa egiteari ez zion uko egin nahi Kronikak, eta horregatik, ekintza berri bezain tradizionala antolatu du aurten: Kronikaren San Joanetako Igo Mus Txapelketa Mistoa, hain zuzen.
Ekainaren 24rako antolatu dute txapelketa; Urumea ikastolaren Gay Mur eraikineko patioan izango da, arratsaldeko 16:30etatik aurrera.
Bikote mistoak, baldintza bakarra
Baina ohikotik kanpo ere, atera nahi izan du Kronikak, eta horregatik, baldintza bakarra jarri du parte hartu ahal izateko, bikoteak mistoak izatea, hau da, emakume eta gizon batez osatutakoak. Izan ere, ondo pasatzeaz aparte, Kronikak bultzatu nahi du «emakumeen partehartzea musa bezalako ekintza batean».
16:30etan hasiko da izenematea; 17:00etan, berriz, txapelketa.
Izenematea, astelehenetik
Motorrak berotzen hasteko eta gutxinaka jendea animatzen hasteko, astelehenean irekiko du Kronikak aurtengo San Joanetako Mus Txapelketa mistoko aurretiko izenematea. Horretarako, bi bide izango dira: emailez, jon@kronika.eus helbidean, edo 943 33 08 99 telefonora dei eginez.
Aurrez egiteko aukera ekainaren 22ra arte luzatuko da, baina, egunean bertan ere, izango da aukera izena emateko. Hain zuzen, arratsaldeko 16:30etatik 17:00etara izango dira izenemateak. Edozein kasutan, 20 euro ordaindu beharko dira, bikoteko.
Ondoren, zozketa egingo da, eta segidan hasiko dira partidak.
Sariak, aurreneko hiru bikoteentzat
Jokatu bakarrik ez, sariak ere eskuratu ahal izango dira. Hain zuzen, saridun izango dira aurreneko hiru bikoteak. Nortzuk izango diren jakiteko, ordea, ekainaren 24ra arte, San Joan egunera arte, itxaron beharko dugu. Ordura arte, has dezagun atzera kontaketa!