Urteak joan eta urteak etorri garaipenaren usaiean ibiltzen denak lehenago edo beranduago txapela eta sari nagusia eskuratzen ditu. Eta horixe gertatu zaio Hernaniko Altzueta sagardotegiari. Beti Gipuzkoako sagardorik hoberenen borrokan ibili da azken 15 urteetan.
Azken hamar edizioetan sei aldiz bigarren, azken lauak jarraian, eta beste hirutan hirugarren sailkatu zen, baina txapelak ihes egiten zion gutxigatik. Hamaseigarrenean, aidanez irabazi du txapela eta Anjel Lertxundiren eleberrian ez bezela amaiera pozgarriarekin oraingoan. Altzuetak ez du inoiz etsi eta azkenean lortu zuen atzo lehen saria eta txapela janztea.
Sei finalisten artean gailendu zen 82 punturekin eta bi puntuko aldea besterik ez zion atera Aburuza, bigarren sailkatuari. Ohorezko postua itxi zuen Sarasolak 70 punturekin. Altzuetako ordezkaria; Ibon Alkorta pozez gainezka zegoen garailearen izena esan eta gero.
Aurtengo lehiaketako sagardogile irabazleak 3.000 euro eta txapela eskuratu du. Bigarren sailkatuak 1.500 euro, eta hirugarrenak, berriz, 1.000 euro.
Lehen hiruak eskala ezberdinetara egina dagoen Donostiako Bidarte baserriko Garralea edo karreto barrika ezagunaren erreplika bat eskuratu dute.
Fraisoroko dasta-paneleko kideek erabaki zuten zein den 2017ko Gipuzkoako sagardorik onena eta Donostiako Gastronomiako Euskal Anaiartean eman zituzten sariak.