Azken urteotan bezalaxe, Buruntzaldeko Udalek jarraitzen dute saritzen gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz gainditzea, horrela animatu nahi dituzte beraien herritarrak, esparru honetan ere, euskara erabili dezaten.
Kopurua urtez urte gora doa, 2016an 96 izan ziren Buruntzalde osoan eta aurten gehiago izatea espero dute.
Kanpaina martxan da jadanik eta sariketan parte hartzeko hauexek dira baldintzak: Buruntzaldeko herriren batean erroldatua egotea. Gidabaimenaren atal teorikoa gainditzea 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitartean Buruntzaldeko autoeskolaren batean. Eta inprimakia beteta entregatzea egitasmo honekin lankidetzan diharduten autoeskoletan; Andoaingo Bengoetxea eta Mendi; Loiolako Otamendi, Hernaniko Hernani, Lagunak eta Otamendi; Lasarte-Oriako Mugica eta Urnietako eta Usurbilgo Solozabal auto eskoletan.
Hernani, Lagunak eta Otamendi autoeskoletan eskatu eta entregatu behar da imprimakia eta teorikoa abenduaren 31 baino lehen gainditu behar da
Parte hartzen dutenen artean zozketa egingo da 2018ko urtarrilean, eta bederatzi sari entregatuko dira: Andoainen bi, Astigarragan bat, Hernanin hiru, Lasarte-Orian bat, Urnietan bat, eta Usurbilen beste bat. Sariek teorikoaren balioa izango dute, gehienez 400 euro.
Egitasmoaren berri jasoko dute etxean 18 urte beteko dituzten gazteek
Aurki egitasmoaren informazioa jasoko dute etxeetan 2017an 18 urte beteko dituzten gazteek, baina edozein herritarrek eskura dezake informazio hori Buruntzaldeko edozein autoeskolatan.
2016an Hernanin denera 34 pertsonek ikasi zuten euskeraz eta hiru sarituek otsailean jaso zituzten udaletxean beraien sariak.