Boleibolaren mito bilakatutako emakumea

Kronika - Erredakzioa 2017ko eka. 3a, 02:00

Hernaniko kiroldegian ekin zion Estherrek boleibola praktikatzeari bere anaietako batek gomendatuta. Berehala eraku­tsi zuen kirol horretarako do­hain apartak zituela. Her­nani Kirol Elkartean eman zituen bere lehen urratsak eta segituan egin zuen salto elite mailako taldeetara. Bere ibilbidean zehar hamaika taldetan jardun du, besteak beste,  Toledo, Ciudad Real, Vitoria, Caja de Avila, Burgos, Tenerife, Club Voley Miranda, Club Voleibol Ciutadella eta Club Voleibol Haron. Bere azken taldea Club Voleibol Logroño izan da. 

Berriki argitaratutako ida­tzi baten bidez adierazi du erretiroa hartuko duela, eta eskerrak eman nahi izan dizkie egindako bidaia luzean bere alboan izan diren kide guztiei. Gogoeta sakonen ondoren hartutako erabakia dela aitortu du eta aurrerantzean CV Logroño taldearen kudeaketaren eta koordinazioaren ardura izango duela aipatu du. «Ez da erraza izan azken urrats hau ematea, ezta nire bizitzaren zati bati agur esatea ere; baina ate bat itxi eta beste bat zabaltzera noa», adierazi du.
Hamalau urterekin hasi zen boleibolean jokatzen eta orotara 28 denboraldi egin ditu maila profesionalean. Bere izaera, trebezia eta kalitatea aditu askok goraipatu izan ditu, baita 42 urte bete dituen  arte onenen artean lehiatu izana ere. Bere ibilbideko arrakastarik aipagarriena Tenerife Marichal taldean erdietsi zuen, Europako txapeldun bilakatu baitzen 2004 urtean. Baina garaikur itzel horretaz gain, taldeka eta bakarka makina bat sari ere eskuratu ditu jokalari hernaniarrak, bere palmaresa asko gizenduz. Espainiako selekzioarekin, bestalde, 93 aldiz jokatu du.

18 zenbakia soinean
Esther Lopezen bereizgarrietako bat izan da 18 zenbakia bizka­rrean eraman izana lehiatu duen talde gehienetan. Dortsal horrekin lortu ditu titulu ga­rrantzitsuenak eta jendeak zenbaki horrekin erlaziona­tzen du boleibolaren mito bilakatu den emakumea. Izan ere, jardun duen talde guztietan lehiaketaren bat irabaztea lortu izan du eta jokalari talisman gisa izendatu izan dute askok eta askok. Kantxan defentsa lanetan aritu izan da eta eginkizun horretan hainbeste nabarmentzeak meritu handia du, aurrelariak izan ohi baitira ekintza harrigarrienak gauzatzen dituztenak eta publikoaren txaloak eragiten dituztenak. Hala ere, benetan handi egiten duen ezaugarria beti erakutsi duen apaltasuna da, benetan goraipatzeko al­der­dia. Adierazpen ugaritan erakutsi izan du bere umiltasuna, eta beti esan izan du ez dela bere postuan onena bezala ikusten, hau da, bera baino kalitate handiagoko jokalariak badaudela, alegia. Bere helburua taldeari laguntzea dela adierazi izan du beti.

Jardun duen talde guztietan lehiaketaren bat irabaztea lortu izan du eta jokalari talisman gisa izendatu izan dute askok eta askok

Aro berria
Egoera fisiko ezin hobean eta kirol bizitza 42 urtera arte luzatu ondoren hartu du boleibola uzteko erabakia, baina bere egunerokoak kirol horri lotua jarraituko du eta, esan bezala, CV Logroño taldeko behe mailetako koordinatzaile lanak beteko ditu hemendik aurrera. Klubaren egitura indartzea eta gazteengan boleibola bultzatzea izango dira bere zeregin nagusiak. Esperientzia behintzat ez zaio faltako eta hasi berriek eskertuko dute kirol horretan ikonoa izan den emakumearen irakaspena. Denera 200 neskak jokatzen dute CV Logroñon. Lopezek aipatu du ilusioz ekingo diola garai berriari. «Ez dakit gauzak ondo aterako diren, baina espero dut esperientziak zerbaitetarako balio izatea». 
Messi edo Cristiano Ronaldo bezalako super izarrak bezalako oihartzuna sor­tzen ez badu ere, Esther Lopezen palmaresa oso kirolari gutxiren eskura dagoen zerbait da eta merezi duen onarpena izan behar du. Esfortzuaren bidez ametsak egia bilaka daitezkeenaren eredu argia da berea.

PALMARESA TALDEKA:
* 6 Superkopa
* 10 Superliga
* 8 Erregina Kopa

BAKARKA:
* 2015/16 Superligan jardunaldiko 7ko idealean 8 aldiz hautatua.
* 2015/16 Erregina Kopan MVP
* 2014/15 Superligan jardunaldiko 7ko idealean 9 aldiz hautatua.
* 2013/14 Superligan jardunaldiko 7ko idealean 5 aldiz hautatua.
* 2010/11 Superligan jardunaldiko 7ko idealean 2 aldiz hautatua.
* 2006/07 Europako libero onena.
* 2004/05 Europako hartzaile onena.
* 2004/05 Superligako jokalari onena.
* 2003/04 Europako liberorik onena.

«Onena izateko egunero lan egitea da arrakastaren sekretua»

Esther Lopez munduko boleibol jokalari onenetakoarekin hitz egiteko aukera izan du Kronikak. Bere agurraren ondorengo momentuak nola bizi dituen azaldu digu hernaniar txapeldunak.

Hainbeste urte boleibolaren gailurrean igaro ondoren, zer sentitu duzu zure ibilbide profesionalari agur esatean?
Zure pasioari agur esatea beti da tristea eta etapa berri honetan umezurtz gelditu naizela iruditzen zait. Hain­beste eman dizun kiroletik erretiratzea erabaki zaila izan da, baina hautua une egokian hartu dudala uste dut. Orain nire bizitzako beste fase bat hastera doa eta baikorra naiz etorkizunari begira.

Zure azken denboraldia Club Voleibol Logroño taldean egin duzu. Zein emaitza lortu dituzu sasoi honetan?
Egia esateko pozik egoteko arrazoi asko ez dauzkat. Izan ere, taldeak bi finaletara iristeko beta izan bai, baina biak ala biak galdu ditu. Hala ere, amore eman ez eta liga txapelketa borrokatzeko grina izan du uneoro. Beraz, oro har sentimendu gazi-gozoa  geratu zaigu taldeko partaide guztioi.

Esan bezala, hain ibilbide profesional luzea izanik, denetik bizitzeko aukera izan duzu. Zeintzuk izan dira kirolari bezala bizi izan dituzun unerik gozoenak?
Urte guzti hauetan momentu oparo zein gogorrak bizi behar izan ditut eta titulu asko irabazteko gai izan naiz, baina momentu bat aukeratu behar banu, zalantzarik gabe, Cham­pions League irabaztea izan da. Ni bezalako kirolari batek eskura dezakeen garaikurrik entzutetsuena da.

«Momentu bat aukeratu behar banu, zalantzarik gabe, Champions League irabaztea izan da»

Zure palmares zabala ikusita profesional bezala guztia lortu duzula esan liteke. Erdietsi ez duzun zerbait ba al duzu?
Tituluei dagokienez, pribilegiatua naizela esan dezaket, boleibol jokalari batek izan dezakeen arrakastarik handienetakoa bai baitaukat. Hala ere, beti Estatu espainiarreko taldeetan aritu izan naiz eta beste herrialdeetako klubetatik eskaintza ugari iritsi zaizkidan arren, ez dut beste hiri batzuetako taldeetara joateko jauzia eman. Hori da, beharbada, nire barnean geratu zaidan arantzatxoa.

Zeintzuk dira arrakasta itzel hori eskuratzeko sekretuak?
Ez dago miraririk. Sekretua  da egiten duzunarekiko pasioa iza­tea. Baita sakrifizioa ere; hau da, lanerako prest egotea beti. Maite duzun kirola ilusioz praktikatzea. Egunero onena izateko prestatzea eta, batez ere, zure ametsetan sinetsi eta lor dezakezula pentsatzea. 

Betiere zortea faktore garrantzitsua da kirol guztietan. Zentzu horretan, lesioek errespetatu al zaituzte?
Jakina dela ezinbestekoa. Nire kasuan zorteduna izan naiz eta lesio gutxi izan ditut nire ibilbide profesionalean. Zorio­nez izan dudan buruhausterik handiena atzeko lotailuko ha­us­tura izan zen orain zenbait denboraldi, baina horrek ez ninduen atzera bota eta errekuperazio lan gogorrari esker nire ametsak betetzen jarrai­tzea ahalbidetu zidan. Egia da arazo fisikoek kirolari ororen bizitza baldintza dezaketela.

Orain jokalari izateari utziko diozu, baina boleibolak zure bizitzaren parte izaten jarraituko du. Nola bizi duzu etapa berri hau?
Ilusioz bizi dut. Izan ere, CV Lo­groño taldetik eskaintza apar­ta egin zidaten eta ezin uko egin. Klubari hobetzen laguntzeko prest nago eta behe mailako taldeen kudeaketaren eta koordinazioaren arduradun izan­go naizen aldetik, nire one­na ematen saiatuko naiz, talde horrek eman didan guztia bueltan itzultzeko.

Kirol gehienetan emakumearen presentziak gora egin du. Gauza bera gertatu al da boleibolean ere?
Egia da azken urteetan gero eta gehiago direla kirol hori prak­tikatzera animatzen direnak, eta jakina da harrobia egon badagoela; baina beste kirolen aldean indar handiegirik ez du eta erakunde ezberdinen partetik laguntza askorik ez du jasotzen. Ondorioz, ez da erraza boleibola sustatzen jarraitzea.

Hernanin bertan ezagutu zenuen boleibola. Nolakoa izan zen hastapena? Zer oroitzapen dituzu?
Inmaculada Ikastetxean egin nituen lehen mailako ikasketak eta gogoan dut egun batean gerora nire entrenatzaile izango zen Joseba Lizarazu etorri zela ikastetxeko eraikinera boleibolari buruzko hitzaldi bat ematera. Orduantxe ezagutu nuen nire bizitzaren parte bihurtu den kirol zirraragarri hori. Kirola betidanik maite izan dut, baina hitzaldi hark jakin-mina piztu zidan eta probatzea erabaki nuen. Berehala kiroldegira joan nin­tzen, esperientzia berria probatu, gustatu zitzaidan eta orduantxe ekin nion nire ibilbideari.

Zure pasioa dela medio, denbora asko igaro duzu Herna­nitik urrun. Nola daramazu familia eta lagunak fisikoki gertu ez izatea?
Hernani izugarri estimatzen dut, baina esan bezala nire bi­zi­tzako exijentziek handik kan­po egotera behartzen nau­te. Hala ere, posible dudanean ihe­saldi txikiren bat egitea go­go­ko dut nire familia eta lagunekin egoteko. Nire koinatekin ere egotea gustatzen zait, nire ahizpak kontsideratzen baititut. Nire gu­ra­soak ere ikaragarri maite di­tut eta haiekin egoteko denbora gehiago izatea nahiko nuke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!