«Albiste on bat» iragarriz hasi zuen Plenoko azkeneko puntua, informazio emate, galdera eta erreguena, Zorione Etxezarraga alkateak: «aurreko alkate guztiek borrokatu izan duzuen gai batean, arrazoia eman dio auzitegiak, Astigarragako Udalari. Onartu egin du aurkeztutako alegazioa, eta orain arte Donostiaren esku zeuden 37,6 hektarea lurren jabetza, Astigarragari aitortu dio», jakinarazi zuen Etxezarragak.
Notizia ona zela nabarmendu zuen Andoni Gartzia EH Bilduko bozeramaileak ere, «aproposa ospatzeko laster 30 urte beteko direla Astigarraga berriro herri bilakatu zela». Hala ere, adierazi zuen, ez zegoela ados alkate guztiek borrokatu izanarekin: «eskaeratxo bat egin zuten aurrekoek, baina benetan, EH Bildukook erabaki genuen prozeduraren bukaerara iritsiko ginela epaitegietan, eta azkenean aitortu digute».
Etxezarragak argitu zuen, adierazi nahi zuena zela «guztiek jarri zenutela zuen alea, alderdi desberdinetakoak izanda, Astigarragari bueltatzeko herriarena zena».
Hondakin bilketaren ordenantzaren aldaketa, behin betiko onartuta
Albistea eman aurretik, hainbat erabaki hartu zituen Plenoak. Hasteko, jakinarazi zituzten Astigarraga Lantzen S.A. enpresaren 2016ko kontuak, eta onartu zuten bere eskaera, Udalarekin duen zorraren ordainketa beste hiru urtez luzatzeko; aurten bukatzen zen epea.
Jakinarazi zuten, baita ere, 2017ko aurrekontuan txertatu dituztela, 2016an egin gabeko gastu batzuk.
Eta segidan, onartu zuten hondakin bilketaren udal ordenantzaren aldaketa, behin betiko, EH Bilduk aurkeztutako bi alegazio txertatuta, aho batez: zuzenketa ortografiko bat, eta mini garbiguneei buruzkoa. Beste hiruak, atzera botatzea erabaki zuen Plenoak, EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrakoekin; PSE-EEko zinegotzia ez zen Plenora azaldu. Gartziak salatu zuen, ordenantzaren aldaketa martxan jarri dutela dagoeneko, aldaketa bera onartu baino lehen, eta beraz, «babes juridikorik gabe».
Etxezarragak erantzun zion, aztertuko dutela gaia, ez zeukatelako jakinarazpen zuzenik, aldaketa martxan jarri denik.
Onartu dituzte oinarriak, Kontxa Etxeberria plazako sei etxebizitza zozketatzeko; eta GAOn argitaratzen direnetik, 20 laneguneko epea izango da, eskaerak egiteko.
Kontxa Etxeberria plazako sei etxebizitzen zozketarako oinarriak, onartuta
Segidan, aho batez onartu zituzten oinarriak, Ergobia Ibilbidea eremuko alokairu sozialeko etxebizitzak zozketatzeko; Kontxa Etxeberria plazako 7, 8 eta 9 portaletako sei etxebizitza, hain zuzen ere. Beraz, laster argitaratuko dira oinarriak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta egun horretatik hasita, 20 laneguneko epea izango dute interesatuek, eskaerak aurkezteko; udaletxeko Etxebizitza Eskatzaileen Udal Erregistroan.
Santio eguna, herriko jaiegun ofiziala 2018an
Ondoren, Plenoko zazpigarren puntuan, heldu zioten 2018ko herriko jaiegun ofiziala aukeratzeari. Proposamena izan zen uztailaren 25a aukeratzea, Santio eguna. Gartziak azaldu zuen, EH Bilduk Santa Ana eguna lehenesten zuela, uztailaren 26a, egun horretakoa «oso festa herrikoia eta maitatua» delako Astigarragan. Eta nabarmendu zuen, galdeketa bat ere egin dutela herritarren artean: «%70ak bozkatu zuen Santa Anaren alde», jakinarazi zuen. Edozein kasutan, aurreratu zuten abstenitu egingo zirela, Santio eguna aukeratzeko bozkatzeko garaian. Beraz, EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartu zen, Santio eguna izatea 2018an, herriko jaiegun ofiziala.
Eta hurrengo bi puntuak, 8garrena eta 9garrena, aho batez onartu zituzten: batetik, lankidetza hitzarmena sinatzea Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuarekin, eranskin berri bat gehituz, Udalak sarbidea izateko Aldundiaren legezko ordezkarien errolda kontsultatzeko; eta bestetik, Izenperekin hitzarmena sinatzea, Udalak erregistro-erakunde bezala funtzionatzeko, B@kQ identifikazio sistema elektronikotik bidaltzeko garaian.
Behin betiko onartu zuten hondakin bilketaren ordenantzaren aldaketa, baina EH Bilduk salatu zuen, aldaketa martxan zegoela, Plenoan onartu aurretik.
Hezkuntzari buruz, galderen puntuan
Galdera eta erreguen puntua izan zen azkenekoa, eta auzitegiaren erabakia jakinarazteaz gain, beste hainbat kontu ere landu zituzten.
Horrela, Andoni Gartziak egindako galderei erantzunez, Etxezarragak azaldu zuen, hasteko, ez dutela erantzunik jaso DBHren idatziaren inguruan; ondoren, pertsonal batzorderako bilera deituko dutela; eta azkenik, hezkuntzaren arloan ikuspegi orokor bat jaso nahian ari direla, dauden arazoak, beharrak... jasotzeko, eta bildutakoan jakinaraziko dituztela, hurrengo pausoak elkarrekin markatu eta dirulaguntzak eskatzeko. Gartziak gogorarazi zion, dirulaguntzek epemuga daukatela.