Musika eta herri kirolak asteburuan zehar, auzotarrak dantzan jartzeko

Kronika - Erredakzioa 2017ko eka. 3a, 02:00

Aurreko asteburuan egin zu­ten auzotarren afaria Osi­ñaga­ko bizilagunek, eta horrek iragarri zuen, hain zuzen, festak gerturatzen ari zirela.  Eta hala da; hemen dira Osiñagako festak, bi egunetan zehar, auzoa dantzan jarriko dutenak.

Hasiera ofiziala, eguerdian
Goizeko 10:00etan estreinatuko dute programa bizikleta birarekin. Bakoitzak bere txirrinda har­tu, eta auzoa zeharkatuko du­­­te, denek batera. Eta ondoren, indarrak berreskuratzeko, ha­mai­ketakoa eskainiko diete par­te­hartzaileei Arriatsu eskolan. 
Baina eguerdira arte ez dira, ordea, festak ofizialki hasiko. Orduan botako dute txupinazoa, eta horrekin batera, haur (eta ez hain haur) jolasekin gozatu ahal izango dute auzotarrek. 

Bazkaria, familia artean
Ordulariek 14:00ak jotzen dituztenean, mahaiaren bueltan eseriko dira auzotarrak, familia artean bapo bazkaltzeko. 
Arratsaldean giroa berotzen hasiko da; 17:30etan, Urumeako koadrilaren eskutik herri kirolen aurreneko txanda izango da: aizkolariak, txingak, lokotxak, harriak, korrikalariak... Tradi­zioak dioen moduan, denetarik ikusi ahal izango dute auzotar eta kanpotarrek.
Eta ondoren, ikusi bakarrik ez, parte hartzeko unea izango da; Laiotz taldearen eskutik dantzaldia izango baita. Baina, lortuko al dute osiñagatarrak dantzan jartzea? 
Abesti bat eta bestearen artean, sagardo eta bakailu dastaketarako mahaiak prestatzen joango dira antolatzaileak, eta 19:30etatik aurrera, bertaratuek izango dute jan eta edateko aukera.
Horrek, ordea, ez die afaltzeko gogoa kenduko; berandu, baina afari berezia egingo dute Osiñagan. Gaueko 22:30etatik aurrera, afaria eskainiko dute Hernaniko Bertso Eskolako ber­tsolariekin, eta Tolosa ahizpak trikitilariekin.

Auzotarren afaria egin zuten aurreko asteburuan, festak iragartzeko.

Auzotarrak gogoan, goizago
Urteroko zita garrantzitsu ba­te­kin hasiko dute biharko egu­na Osiñagan. Goizeko 11:30etan elkartuko dira denak beheko zubian auzokoak gogoratzeko asmoz. Honen inguruan, auzo elkarteak azaldu du antolaketa arrazoiengatik aurten ordua zertxobait aurreratu dutela. 
Hori bukatuta, pelota partiduak izango dira, eta bitartean, Tolosa ahizpek musikatuko dute auzoa. 13:30etan, Aitor Mendiluze eta Unai Agirre bertsolariei pasako diete testigua, bazkalordura arte.
Arratsaldean, abere desafio berezia izango da 18:00etan. Eta bukatzeko, dantzaldia Joxe Angel El Navarrorekin. 

OSIÑAGAKO JAIAK 2017

Gaur:
10:00: Bizikleta bira auzoan zehar. Ondoren, hamaiketakoa izango da Arriatsun parte-hartzaileentzat.
12:00: Txupinazoa eta haur jolasak.
14:00: Bazkaria, auzotarrentzat.
17:30: Urumeako koadrilaren eskutik, herri kirolak: aizkora, txingak, lokotxak, harriak, korrika, etab.
Ondoren: Dantzaldia Laiotzekin.
19:30: Sagardo eta bakailu dastaketa.
22:30: Afaria, Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariekin, eta Tolosa ahizpak trikitilariekin.

Bihar:
11:30: Auzokoak gogoratuz beheko zubian. 
12:00: Gazteen arteko pelota partiduak.
Ondoren, 13:30ak arte: Tolosa ahizpak trikitilariak arituko dira.
13:30: Bertsolariak: Aitor Mendiluze eta Unai Agirre.
14:00: Bazkari herrikoia, Arriatsun.
18:00: Abere desafio berezia: Imanol ‘Paolla’ren zaldiaren (800 kiloko harriarekin) eta Asteasuko Andoni Mendizabalen astoaren (350 kiloko harriarekin) artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!