Ahizpak dira Eider eta Lierni Tolosa hernaniarrak, baina trikitilari eta panderojole bikote bezala ere ezagunak dira herrian. 17 eta 15 urte dituzte, hain zuzen, eta aurreko asteburuan Getarian jokatu zen Gazteen XVIII. Txapelketan izan dira txapeldun. Asteburu honetan, aldiz, festen garaia hasiko dute aurreneko geldialdiarekin: Osiñagako festak.
Asteburu honetatik aurrera, han eta hemen ibiliko zarete festetan jotzen. Nola hasi zineten?
Musika Eskolan hasi ginen trikitixa munduan; ondoren, txapelketa batera eta bestera joan ginen, eta hortik aurrera hasi zen jendea festetara joateko aukera eskaintzen. Baina batez ere, Martindegiko jaietan jotzen hasi ginen, gure aita bertakoa baita.
Eta orain, gutxi gorabehera, nondik ibiltzen zarete uda osoan zehar?
Gaur joko dugu Osiñagako festetan; gero Kaxkoan, Karmenetan, eta bukatzeko, Martindegin, Ergobian... Baina batez ere, txapelketatik txapelketara ibiltzen gara. Batzuetan gu biok bakarrik, eta beste batzutan, beste trikitilari gehiagorekin; eskatzen digutenaren arabera.
Lierni: «Nik zortzi urte nituen hasieran, eta lehiatzen nuen 20 urteko baten kontra. Imajinatu!»
Musika Eskolan hasi zineten trikixa ikasten. Baina noiz hasi zineten batera joatzen?
- Eider: 7-8 urterekin hasi ginen Musika Eskolan, baina elkarrekin jotzen hasi ginenean nik (Eiderrek) 10 urte nituen, eta Liernik, 8. Orduan egin genuen aurreneko txapelketa, Martindegin.
- Lierni: Ni gogoratzen naiz, garai horretan, ni oraindik ez nintzela trikitixarekin hasi, orduan, panderoa jotzen nuen. Orduan, Eiderren klaseetara joaten nintzen ikustera nola ikasten zuen berak. Eta gero, etxean, irakaslea banintz bezala egiten nuen.
Eta nola prestatu zenuten aurreneko txapelketa hori?
- Eider: Irakasleak ni ikusten ninduen txapelketetara joateko prest, baina hemen ez zegoen pandero-jolerik. Orduan irakasleak berak galdetu zidan ea nire ahizpa animatuko litzakeen. Hasieran Lierni oso lotsatuta zegoen...
- Lierni: Kontua da, ni ez nintzela oso kontziente. Irakasleak esan zidan: «zu igo, kantatu, disfrutatu eta jaitsi!». Eta nik hori egin nuen.
Orduan, hortik aurrera txapelketetara joaten hasi zineten...
Hori da. Hasieran egiten genituen urtean hiru txapelketa, eta orain joan gara gehitzen. Agian egingo ditugu, denera, zortzi inguru.
Tartean Euskal Herrikoan ere bai, ezta?
Bai. Egia esan, nahiko maila altua dago.
- Lierni: Eta adinaren aldetik ere, badago aldea. Adibidez, nik zortzi urte nituen hasieran, eta lehiatzen nuen 20 urteko baten kontra. Imajinatu! Izan ere, orain gutxi arte gazteenak gu izan gara!
Kalean, neska trikitilari gehiago ikusten dira mutilak baino, baina nolakoa da egoera txapelketetan?
Hernanin oso gutxi daude, bai; Musika eskola guztian hiru trikitilari daude. Beste herri batzuetan, adibidez, Azpeitian, mutil dexente dago; gehienak mutilak dira!
Eta txapelketetan, normalean trikitixa jotzen dute, pandero-jole gutxi dago.
Eta etorkizuna, nola ikusten duzue? Jotzen jarraituko duzue?
Guk jarraituko dugu, dudarik gabe; agian gutxiago jotzen, baina geldirik ez gara egongo.
Eta bikote bezala, seguru. Izan ere, gehien difrutatzen dugun bezala da biok batera jotzen; leku guztietara, gu beti goaz elkarrekin, ‘pack’ bat bezala gara.