Bi gizon atxilotu zituzten asteazkenean Astigarragan herriko udaltzainek eta Ertzaintzak, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.
Azaldu dutenez, poltsa lapurtu zioten emakume bati, bere etxeko portalean, bizikleta garajean uztera zijoala. Bultza eta lurrera bota zuten emakumea, eta poltsa kendu zioten. Emakumeak Ertzaintzari deitu zion, eta ertzain eta udaltzain patrulla bana bertaratu zen. Azaldu dutenez, hainbat lekukoren laguntzari esker aurkitu zituzten ustezko bi lapurrak, garaje komunitarioko kontadoreen gelan ezkutatuta. Poltsa, berriz, kotxe baten azpian topatu zuten.
Bi atxilotuak, 23 urtekoa bata eta adingabekoa bestea, Ertzain-etxera eraman zituzten, eta zegozkion izapideak egin ondoren, aske utzi zituzten, epailearen aurrera deitu bitartean.