Florida-Etxeberriko danborradako aginte-makilak badu, etorkizunean ere nork astindu

Kronika - Erredakzioa 2017ko eka. 3a, 02:00

Hasi bost urterekin, eta segi, gorputzak eusten dion arte. Horixe da, Florida-Etxeberriko danborradaren sekretua; adin guztietako partaideek ematen diotela hauspoa. 
Orain hiru urte berreskuratu zuten helduena, 2001etik 2014ra bitartean ez baitziren auzoan festak egin; haurren danborradak San Joanetan jarraitu zuen ateratzen, bitarte horretan. Eta 2015az geroztik, biak egiten dira, berriro. 
Helduena atzo gauean atera zen, Alejandro Sanchezen zu­zen­daritzapean, eta hauek deskantsatu bitartean, umeenak hartuko du erreleboa bihar. Urtetik ur­tera, indar haundiagoarekin ateratzen dira; aurten, aurrenekoz, Eider Goi­ko­e­txea ariko da zuzendari lanetan.

Familian, tradizioa
Asko gustatzen zaio danborrada Eider Goikoetxeari, txiki-txikitatik hartu izan baitu parte. «Ez naiz gogoratzen noiz atera nintzen aurrenekoz, oso txikia nintzen!», dio. Orain 12 urte ditu, eta postu guztietatik pasa da, dagoeneko: «kantinera, barril eta danbor izan naiz, eta aurten, aurrenekoz, zuzendari».
Aurreko zuzendariak utzi egin zuenez, Eiderri proposatu zioten postua hartzea. «Ba­tzue­tan, 11-12 urteren bueltan dabil­tzanean, ateratzeari uzten dio­te, nahiz eta gero, 15 urterekin helduenean ateratzen hasi», azaldu du Alejandro Sanchezek. Eider Goikoetxeak, ordea, pozik onartu du proposamena. «Fa­milian denek gertutik bizi dute danborrada. Aita ateratzen da helduenean, eta anaia ere bai, umeenean. Nik ere jarraitu nahiko nuke». Eta atsedenerako tarteren bat hartu nahi izanez gero ere, ez dago arazorik, Sanchezen esanetan. «Bera ez bada, bilatuko dugu besteren bat. Danborradak jarraitzen du izaten festetako izarra, ekitaldirik garrantzitsuena. Jende asko ateratzen da, eta jotzen ez duena, animatzera ateratzen da. Giro haundia sortzen da».

EIDER GOIKOETXEA:
«Batzuk asko despistatzen dira... Beti hizketan aritzen dira, eta nire ustez, banandu egin behar izaten dira. Bestela...»

Kontzentrazioa, giltza
Aurtengo lanak eginda, San­che­zek festa giroan bete-betean mur­giltzeko gogoa dauka. «Ur­du­ritasunak izaten dira os­tiralean, danborradaren aurretik. Dan­bor na­gu­si izanda, zain­du egin behar duzu pixka bat itxura. Afaritan ura edan... Baina gero etortzen da, desmadrerako unea! Urte batzuk izan ziren, afalondorenean jendea oso txukun atera­tzen ez zena... Baina orain oso formal atera­tzen dira denak. Gero ere bada festarako denbora!».
Eider, berriz, lanak egiteko dago oraindik, baina ondo aterako da dena, seguru. «Nire ustez, dominatuta daukat. Urte askotan atera izan naiz. Baina egia da aurrenekoa dela zuzendari bezala, eta horregatik, urduri ere banago», dio. Ur­du­ritasunari aurre egin eta lanak txukun nola egin badaki, ordea. «Kontzentratzea eta kantak jarraitzea nahikoa da. Egia da batzuk asko despistatzen direla... Beti hizketan aritzen dira, eta nire ustez, banandu egin behar izaten dira. Bestela...».
Joko dituzten piezak, gainera, aski ezagunak ditu. Debako Martxa joko dute aurten estreinekoz, haurrek. Baina helduek jo izan dute aurretik, eta umeek lehengo urtean ere entsaiatu zuten. Bereziena, berriz, Etxe­berriko Martxa izaten da. «Ta­tek, Incansables txarangakoak konposatu zuen auzoarentzat», azaldu du Sanchezek.

Urtetik  urtera, gehiago
Sanchez da adibide garbienetakoa, danborradaren osasun onarena. Hasieratik ateratzen da, aurrena jotzen, gero batzordean laguntzen, eta azken 20 urteetan, danbor nagusi lanetan, zuzendari. Eta jende gaztea jarraitzeko gogoz dagoela ziurtatzen du. «Beteranoenak, hasiera-hasieratik gabiltzanak, hiru gara. Neroni, 68 urtekoa, eta beste bi, hiruroegita hamarretik gorakoak». Omenaldia jaso zuten, iaz. «Baina jende gazteak segitzeko gogoa daukala ere nabaritzen da. Gehienak, umeen danborradatik atera dira, eta egun jarraitu egiten dute, berrogei urterekin».
Izan ere, ilusioa eta jotzeko gogoa besterik ez da behar, Florida-Etxeberriko danborradan ateratzeko. «Ez da auzokoa edota auzo elkarteko bazkide izan beharrik. Badago auzoko jendea, Santa Barbarako danborradan ateratzen dena, San Joanetan, eta alderantziz, Hernaniko jendea, gure danborradan ateratzen dena. Nahi duena atera daiteke».
Eta urtetik urtera, geroz eta gehiago dira. «Umeen danborradan, txikienek 5 urte dituzte; sukaldari edo kantinera hasten dira. Aurten, 9 kantinera, 6-7 sukaldari, 19 barril eta 16 danbor aterako dira. Helduenean, berriz, gazteenak 17 urte dauzka, eta aurten, abanderatua, 10 danbor eta 32 barril atera gara. Sukaldari, berriz, momentuan hala erabaki duten guztiak!».

ALEJANDRO SANCHEZ:
«Danborradak jarraitzen du izaten festetako izarra, ekitaldirik garrantzitsuena»

Danborradaz gain, beste hainbat ekintza
Gero eta partaide gehiago ditu danborradak. Baina ostiralean eta igandean egiten dira, eta tartean, bestelako hamaika ekintza ere izaten dira.
Eider eta Alejandro berehala jarri dira ados. «Paella jatean jende pila bat biltzen da. Txartelak salgai jarri, eta hiru ordu laurdenetan bukatu ziren denak; 500». Horrez gain, bestelako ekitaldien zain ere badago; batez ere, Eider. «Barrakak asko gustatzen zaizkit, eta globoak lehertzearena ere, oso ondo dago. Eta diskoteka! Baina baita ere, haundien danborrada. Oso polita da, asko gustatzen zait eta gaueko 01:00ak arte ikusten aritzen naiz».
Hainbeste ekitaldirekin, ez da erraza martxa jarraitzea. Baina Sanchezen esanetan, ez dago arazorik. «Hauek gazteak dira! Gainera, jendeak ilusioa izaten du, eta Auzo Elkarteak ere oso ondo egiten du lan. Denetarako dago jende gaztea, eta ez dago dudarik; etorkizuna badago».
Hori erraz esaten da, danbor nagusi lanak aurreneko egunean egin eta gero. Baina Eiderrek ere ez dauka zalantzarik. «Jen­de pila bat ateratzen da, animatzera eta kamarekin, danborradaren atzetik ere etortzen dira...». Festa girorako indarrik ez da faltako, hortaz! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!